Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Ispasterko maisuaren elegantzia garaiezina; txapel bat bestearen atzetik

Aritz Erkiaga (Ispaster, 1987) geldiezin dabil. Herenegun Araba Euskaraz Jai Alai txapelketako txapela ere bereganatu zuen, sasoi honetako zazpigarrena; sei binaka –atzelari ezberdinekin– eta banakako bat. Erreskadan 17 partida irabazi ditu. Ispasterkoaren sabaia oso altu dago.

Aritz Erkiaga, Gernikako Winter Series txapelketako finalean.
Aritz Erkiaga, Gernikako Winter Series txapelketako finalean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

‘Mago’ ezizena ez du gustuko; beste batzuentzako egokiago ikusten du. Baina ‘mago’ ez bada, ‘maisu’ izan beharko da Aritz Erkiagaren izenondoa. 37 urte beteko ditu ekainean eta bere sasoi ona aspalditik agerikoa den arren, aurten datuak birrintzen ari da.

Datuak suntsitzeko abilezia hori, partidatik partidara areagotzen ari dena, pilotarekiko duen sentsibilitatearekin kontrajartzen da. Puntistek entrenatu ez, «entsegatu» egiten dute, artistek legez, eta Erkiaga maisua da. Ez du behar indarrik, ez amorrurik, tanto ikusgarri eta erabakigarriak egiteko. Pilota txokoan otzan-otzan jartzeko, horma-bikoarekin pilota laztantzeko, txik-txak batekin ertzak samurtzeko… Elegantziaz jantzita dago Aritz Erkiaga eta egun aktibo dagoen puntistarik onena dela esatea ez da gehiegizko atrebentzia.  

Iñaki Osa Goikoetxearen agurraz geroztik, zesta puntako erreferentzia nagusia bilakatu da. Edozein atzelarik nahiko luke berekin jokatu, eta inork gutxik nahiko luke bere aurkari izan. Unai Lekerikabeaskoari nahikoa buruhauste ematen ari zaio Ispasterko aurrelaria denboraldi honetan zehar. Guztira, hiru finaletan aritu dira elkarren aurka, bakoitza aurrelari edo atzelari ezberdinekin, eta hiruretan izan da garaile Erkiaga: Gernikako Winter Seriesean, Donibane Lohizuneko Cesta All Starrean eta azkena, ostiral iluntzean, Araba Euskaraz Jai Alai txapelketan; guztiak ere Jai Alai League txapelketa bateraturako puntuagarriak. Hain zuzen ere, orain arte jokatu dituen 17 partidetatik guztiak irabazi ditu eta lau set soilik galdu ditu (alegia, jokatu dituen jokoen %89 irabazi ditu). Atzetik dator bere bolada ona, finaletan dominatzaile handia baita. 2022. urtea ere aberatsa izan zen beretzat: Munduko txapelketa, Banakakoa eta Gernikako Winter Series –lehendabizikoa– irabazi zituen.

«Osa Goikoetxearen agurraz geroztik, zesta puntako erreferentzia nagusia bilakatu da»

Ameriketako Estatu Batuetako mugimendua itzalita, Euskal Herrira itzuli behar izan zuten puntista horietako bat da Ispasterkoa. Itzuli bezain laster, pilotalekuan ezagun zaharrekin eta zesta-puntara hurbildu ziren belaunaldi berriekin elkartu zen, gure pilotalekuetan zesta punta berriro hauspotzeko prest. Eta hauspo hori bere kalitatearekin ez ezik, bere eskuzabaltasun eta umiltasunetik ere garatzen ari da; Durangoko pilota eskolan entrenatzaile edota telebistan esatari, Elite txapelketako finalean aritu legez.

Gainerakoekiko aldea

Elite txapelketa hori, hain zuzen, behe mailetan dagoen maila onaren adierazgarri da, baina Erkiagaren ikuspegia hain da aberatsa eta anbizio handikoa, uste baitu hobea ere izan daitekeela. Hogei urterekin joan zen AEBra eta, bere esanetan, han jokatzen zuten partida andanarekin maila ezinbestean hobetzen zuten puntistek. Hemen, oraingoz, txapelketak urriak dira –nahiz eta aurten Jai Alai Leaguen torneo gehiago sartu dituzten– eta, bere ustez, gazteek jokatzea behar dute. Exijentea da dagoen mailarekiko eta kezkatzen du pilotalekuetan ikuskizuna emateak, hala ez bada nekez bereganatuko dituztelako ikusleak.
Argi dagoena da ikusleak Aritz Erkiaga ikusi nahi duela. Bere tanto ikusgarriekin gozatu, bai eta koadernotxo batean apuntatu ere, kazetariek legez, Ispasterkoak egindako tanto andana ongi erregistratuta geratzeko. Zumaiako finalean 18 egindakorekin bukatu zuen, bai eta Gernikako Winter Seriesekoan, Osa Goikoetxearen agur festan bere zigilua jarriz. Kidearen agurraren penaz baina ondo egindakoaren pozez.

Egindako tantoez harago,  txapelketa guztietan garaile atera da. Berriatuko Banakako txapelketatik hasi –Erik Mendizabal garaitu zuen– eta herenegun arte, Gasteizen, herriko seme Julen Del Riorekin Bakarika-Lekerika garaitu arte. Partida guztietan menderatu du, aginte makila berak hartuta. Minvielle, Ibarluzea, Manci, Uranga, Jon Zabala –lesio luzetik errekuperatu berritan– eta Del Rio izan ditu bikote Ispasterkoak, bakoitza atzelari aski ezberdina eta belaunaldi ezberdinetakoak.

«Ikusleak Aritz Erkiaga ikusi nahi du. Bere tanto ikusgarriekin gozatu, bai eta koadernotxo batean apuntatu ere, egindako tanto andana ongi erregistratuta geratzeko»

Erkiagaren maisutasunaren puntu negatiboena –bat aipatzearren–, gainontzeko aurrelariekiko dagoen aldea da. Atzetik badatoz kalitatezkoak, Xabi Barandika ere errekuperatu da –oraindik %100ean ez dagoen arren–, baina gaur- gaurkoz, Lekerikak Winter Series txapelketaren aurkezpenean esan legez, Erkiaga dagoen lekuan bera izango da faborito. Frustraziorako eman lezake, baina zesta punta hazten ari den honetan, funtsezkoak dira Ispasterko maisuaren dantzaldiak.