Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Armendariz: «‘Tasio’ berritua ikustean estreinaldiko zirrara bera sentitu nuen»

Montxo Armendariz pozarren agertu da astelehen honetan. Badu horretarako arrazoirik. Batetik, ‘Tasio’ filma 4K-n zaharberritu da eta, hori gutxi ez balitz, Canneseko Zinema Jaialdiak nazioarteko klasikoei eskainitako atalean proiektatuko du maiatzean.

Joxean Fernandez, Montxo Armendariz eta Bingen Zupiria, ‘Tasio’ filmaren aurkezpenean.
Joxean Fernandez, Montxo Armendariz eta Bingen Zupiria, ‘Tasio’ filmaren aurkezpenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Irribarretsu agertu da Montxo Armendariz (Olleta, 1949) hedabideen aurrean. Boloniako L’immagine Ritrovata laborategiek egindako lanaz pozik. «Proiektuan parte hartu genuen lantalde osoa pozik gaude. Baldintza duinak dituen kopia daukagu orain», esan du, Madrilen gertatutako uholde baten ondorioz baldintza kaskarretan baitzegoen zinta. Filmaren irudi batzuk ikusteko aukera izan dugu Euskadiko Filmategiaren aretoan bildutako kazetariok.

«Ez naiz nire filmak ikusi zalea. Izan ere, filmak kontatzen duenarekin batera filmaketan bizitako egoerak, pertsonak, zirkunstantziak... denak datozkit burura, ezin behar bezala ikusi», kontatu du. Pantaila handira iritsi zenetik berriz ikusi gabea zen bere osotasunean. Boloniako eguna iritsi zen arte. «‘Tasio’ berritua ikustean estreinaldiko zirrara bera sentitu nuen», aitortu du. 

Canneseko zinema jaialdian ikusiko du argia kopia berriak. Maiatzaren 14tik 25era bitarte egingo da aurten festibala. Canneseko proiekzioari esker nazioarteko klasikoen bilduman sartu da ‘Tasio’. Gainera, Tamasa banatzaile frantziarrak 2025ean frantziar Estatuko aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu.

Kopia zaharberritu berbera baliatuko dute irailean Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Klasikoak saila zabaltzeko, jaialdi horretan estreinatu baitzen duela lau hamarkada. Hortik aurrera hainbat zinema jaialditan erakustea dute helburu. Lakuako Gobernuaren Kultura sailaren babes ekonomikoari esker zaharberritu ahal izan da filma, Enrique Cerezo P.C. filmaren jabearekin adostuta. Euskal Herriko zein espainiar Estatuko areto komertzialetara iristea zintaren jabearen esku geratuko da.

«Erakusleihorik onenean»

Joxean Fernandez ere egindako lanarekin gustura eta harro agertu da prentsaren aurrean. «Prozesu osoan zehar Montxo Armendarizen kolaborazioa eta konplizitatea izanak zilegitasun eztabaidaezina ematen dio lanari». Garbi esan du: «Gure izenbururik onenetako baten zaharberritze lanik onena dugu erakusleihorik onenean», adierazi du.

Bere esanetan, ‘Tasio’ arnas luzeko bidearen hasiera besterik ez izatea, horixe dute helburua. Euskadiko Filmategian zegoen Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak galdera zuzena egin dio Fernandezen ondoan zegoen Zupiriari. «Gobernuak zuzenduko al du aurrekonturik beste izenburuak zaharberritzeko?». «Ez dakit hori segurtatzeko egoeran nagoen baina gure nahia horixe da», Kulturako sailburuaren erantzuna.

Zupiriak Euskadiko Filmategiaren jarduna txalotu du. «Egoitza honi esker kalitatezko lana ari dira egiten. Eta Joxeanen eskutik aurrerapauso handia ematen ari da», nabarmendu du. Bere iritzian «‘Tasio’ Cannes-en ikustea albiste oso ona da. Euskal kulturak nazioartean presentzia irabazteko balio baitu. Pelikula gaur egungo teknologietara ekarrita gure ondarea gizartearen eskura uzten dugu. Beharrezkoa da herri baten kultura ondasunak zaintzea eta gizarteratzea, hurrengo belaunaldiei transmisioa ziurtatzeko. Tasio pelikularekin egin nahi izan duguna horixe da. Zaharberritu, egungo beharrizanetara egokitu eta gizartearen eskura jarri. Nazioartean ere merezi duen aintzatespena jasotzeko Cannes-ko klasikoen sailean erakustea gauza handia da».

Prozesua

Jatorrizko materiala Espainiako Filmategian gordeta zegoen, eta handik egin zuen laborategietarainoko bidaia, joan den irailaren bukaeran. «Bolonian, hura berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten; hain zuzen, Armendarizek berak ikuskatu zituen lan horiek bertatik bertara», adierazi dute aurkezpenean. Bolonian eman zuen aldiaz gain, zuzendari nafarraren eta Euskadiko Filmategiko langileen kontrolpean egon da prozesu osoa.