NAIZ

Hil egin da Artzentalesen zuhaitz batek jota zauritu zen 22 urteko langilea

Joan zen asteazkenean Artzentalesen basoan lanean ari zela zuhaitz batek kolpatu zuen 22 urteko langilea hil egin da, ELAk jakinarazi duenez.

Lan istripuak salatzeko elkarretaratzea, artxiboko irudian.
Lan istripuak salatzeko elkarretaratzea, artxiboko irudian. (Andoni Canellada | Foku)

Apirilaren 25ean Artzentaleseko El Peso mendian baso lanetan ari zela zuhaitz batek kolpatu zuen 22 urteko gaztea hil egin da, ELAk berri eman duenez.

Sindikatu horrek gogora ekarri duenez, gaztea Forestal Bejarano e Hijo SL enpresako behargina zen eta bi hilabete baino ez zeramatzan basogintzan. Orain arte bildutako datuen arabera, moztutako pinuetako bat trabatuta geratu zen, eta askatzeko makinak erabiltzean, langileak kolpea jaso zuen.

ELAren datuen arabera, 2024an jada 23 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Bizkaian, zehazki, 5 hildako izan dira.

Salatu duenez, basogintza sektorean laneko ezbeharren tasa «oso altua da, urtero dago lan istripu hilgarriren bat». ELAren arabera, 2021etik hona 12 langile hil dira sektore horretan.

«Jakina da sektore honek jasaten dituen pisu handiek, lan gainkargek, erritmo hain zorrotzek edo iristeko zailak eta malda handikoak diren lekuetan erabiltzen diren makina astun eta arriskutsuek handitu egiten dutela lan istripuak edo gaixotasun profesionalak izateko aukera, prebentzio arloko araudia behar bezala ezartzen ez bada. Era berean, ez zaio garrantziarik ematen sektore honetan prebentzioan prestakuntza egokia emateari», deitoratu du.

ELAk elkarretaratzea egingo du astearte honetan, Zallako Euskadi enparantzan eguerdiko 12.00etan, «enpresen zigorgabetasuna eta laneko heriotza onargaitzak ahalbidetzen dituzten erakundeen konplizitatea salatzeko».