Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Emery eta Mendilibar, Aston Villa eta Olympiacosekin ospea handitu nahian

Entrenatzaile hondarribiarra eta zaldibartarra aurrez aurre arituko dira gaur eta maiatzaren 9an, Conference Leagueko finalerdietan. Euskaldun bat izango da finalean, Euskal Herriko prestatzaileak momentu ezin hobean daudela baieztatuz.

Unai Emery eta Jose Luis Mendilibar gaur aurrez aurre arituko dira.
Unai Emery eta Jose Luis Mendilibar gaur aurrez aurre arituko dira. (Adam DAVY - Raul BOGAJO | EUROPA PRESS - FOKU)

Gero eta txapelketa gehiago jokatzen diren garai honetan, euskal jokalariez harago, Euskal Herriko entrenatzaileak protagonista dira egun. Gure lurraldeak prestatzaile finak garatzeko dituen metodoak behin baino gehiagotan aipatu izan dira; are gehiago, azken urteetan, hemengo izen asko atzerrira abiatu baitira, ez beren lana garatzera soilik, baita lan bikaina egitera ere.

Aurten, Txapeldunen Ligan, Europako txapelketarik handienean, Imanol Alguacil izan dugu Realaren gidaritzan. Oriotarrak final-zortzirenetaraino eraman zuen talde txuri-urdina. Bertan, zenbait faktorerengatik –lesioak eta nekea, gehienbat–, Realak ez zuen bere mailarik onena eman eta Mbapperen aurrean belaunikatu behar izan zuen.

Bide luzexeagoa egin du Mikel Arteta donostiarraren Arsenalek. Premier Leaguen lidergoagatik borrokan dabilen taldea finalerdia jokatzen ari den Bayern Munichen aurka geratu zen kanporatuta.

Izarren txapelketa honetan ezin dugu aipatu gabe utzi Juanma Lillo tolosarra. Manchester Cityn dihardu, Pep Guardiola entrenatzaile katalan arrakastatsuaren laguntzaile. Iazko garaipena lortzeko bidean geratu dira ingelesak, final-laurdenetan Real Madrilen aurka galduta.

Ingalaterra izan zuen etxe, eta baliteke berriro ere bertan geratzea Julen Lopetegui. Udan Wolverhampton utzi behar izan zuen –klubak jokalari garrantzitsuak saldu behar izan zituen diru arazoengatik–, eta orain, Milaneko jarraitzaileek bere fitxaketa zapuztu ostean, badirudi West Ham bere zerbitzuak lortu nahian dabilela.

Txapeldunen Liga baino koska bat beherago dagoen Europa Leaguen, Xabi Alonso eta bere Bayer Leverkusen dira azpimarragarrienak. Amaitzeko oraindik zenbait jardunaldi falta direnean, Bundesliga irabazi du lehen aldiz klubak, neurri handi batean prestatzaile tolosarrari esker. Dudarik ez dago datorren denboraldian Txapeldunen Ligan arituko direla, baina kontuz, gaur eta datorren astean Erromaren aurka irabaziz gero, finalerako txartela eskuratuko bailukete. Gainera, oraindik porrotik ez duen taldea izaten jarraitzen dute alemanek. Luzapenean berdinketa lortu izan dute partida ugaritan. Gipuzkoarrak garaipenaren pare ospatu izan du aulkian.

Emery vs Mendilibar

Euskal prestatzaileen izenak beste kosketan ere ageri dira. Conference League izeneko txapelketan –bertan jokatzetik oso gertu ibili zen Osasuna– gauza handiak egin eta egin jarraitu nahi duten beste bi entrenatzaile daude: Unai Emery, Aston Villan, eta, Jose Luis Mendilibar, Olympiacosen.

Gipuzkoarra eta bizkaitarra aurrez aurre arituko dira finalerdietan, gaur Birminghamen (21.00etan) eta maiatzaren 9an, Greziako Pireo hirian.

[Unai Emery]
Lorca, Almeria, Valentzia, Spartak Mosku, Sevilla, PSG, Arsenal, Vila-real eta Aston Villa zuzendu ditu. Lau Europa League irabazita, Conference nahi du orain

Emeryk eskarmentu handia du Europa mailan; Europa Leagueko lau titulu ditu: hiru Sevillarekin eta beste bat Vila-realekin. Horri PSGrekin lorturiko zazpi tituluak gehitu behar zaizkio, eta beste taldeetan egindako lana. Frantziatik Premier Leaguera salto egin zuen 2018-2019an Arsenal entrenatzeko eta, Vila-realen aritu ostean, Aston Villara iritsi zen 2022-23an.

Lidergoa lortzeko borrokan aritu da aurten, nahiz eta une honetan urruti ibili, baina bere zigilu pertsonala ezarri dio taldeari. Gainera, Conference League irabazita, 1995-1996az geroztik lortuko lukeen lehen titulua litzateke. Kirol arloaz gain, Emeryk beste “negozio” batzuk ere baditu. Izan ere, bere anaia Igorrekin batera Irungo Real Union erosi eta denbora batera kolaborazio akordioa sinatu zuten bi klubek. Oraina eta etorkizuna dute buruan.

[Jose Luis Mendilibar]
Basconia, Bilbao Athletic, Aurrera, Lanzarote, Athletic, Valladolid, Osasuna, Levante, Eibar, Alaves eta Sevilla zuzendu ditu, eta azken hauekin Europa League irabazi

Astebetean bitan aurkari izango duen Jose Luis Mendilibar iragan otsailean iritsi zen Darko Kovacevicek zuzentzen duen Olympiacosera. Zaldibartarra, 62 urterekin, Carlos Carvalhal ordezkatzeko iritsi zen, eta emaitzak hortxe daude. Penaltietan Fenerbahce kanporatuta, lehen aldiz lortu zuten greziarrek finalerdietarako txartela Europako txapelketa batean.

Bizkaitarrak Sevillarekin hasi zuen denboraldia, iaz Europa Leaguen txapeldun bihurtu eta Lehen Mailan mantentzea lortu ostean.

Greziako Ligan laugarren dira, liderrarengandik bost puntura, eta Emeryren kontrako partidetan duen datua aldatu nahi du orain: 13 partidatan neurtu dira –lehenengoa 2007an izan zen eta azkena 2021ean–. Hondarribiarrak zazpi garaipen, bi berdinketa eta lauporrot ditu estatistiketan, baina datu horiek guztiek ez dute ezer balio Europako txapelketa batean.