NAIZ

Erandioko supermerkatu batean protesta egin dute Gazaren alde, Carrefour seinalatuz

Erandioko Asuan dagoen merkatalgunean gertatu da protesta.
Erandioko Asuan dagoen merkatalgunean gertatu da protesta. (Khalas! Palestina)

Erandion Carrefour kateak duen merkatalgunean protesta egin dute ostiral honetan zenbait lagunek, «Gazako sarraskian duen konplizitatea salatzeko». Bideo eta argazkien bidez agertarazi dutenez, «boikot» hitza zuen pankarta zabaldu dute lurrean. Eta aurpegia maskara txuriez estalita duten zenbait ekintzaile bertan etzanda jarri dira, hildako palestinarrak gogoan hartuz (35.000 inguru dira dagoeneko, iazko urrian abiatutako sarraskiaren ondorioz).

Khalas! Palestina Uribe Kostan sortutako taldeak aldarrikatu du ekintza.«Gure asmoa hauxe da: genozidioa eta kolonizazioa salatzea, bezeroak informatzea eta kontzientziatzea, boikotera deitzea eta bertan mantentzea Carrefourek genozidioarekiko konplizitatea eta Israelekiko kolaborazioa eten arte. Bitartean ez gara bertatik aterako», ziurtatu dute.

Ekintzan parte hartu duen eledun batek supermerkatuan zeuden bezeroei helarazi dienez, «tanke israeldarrak ezin ditugu geldiarazi baina hemen erosteari utzi ahal diogu». Protestan nabarmendu dutenez, Israelgo soldaduei janaria banatzen die korporazio frantziar honek eta okupatutako lurraldeetan zenbait denda ditu, Zisjordanian bereziki.

Han-hemenka gertatu dira honelako protestak, Carrefourren ardura nabarmentzeko asmoz. Montpellierren eta Lyonen, esaterako, antzeko ekintzak burutu dituzte Palestinaren aldeko ekintzaileek azken hilabeteotan, bai eta Madrilen, Malagan edota Galizan ere, Estatu espainolari dagokionez.