Jon Ormazabal

Txapela ezin errepikatzea, madarikaziotik harago doan joera

Buruz Buruko txapeldunari jarraitzen dion madarikazioari Aitor Elordik ere ezin izan dio ihes egin. Gutxienez dozena bat urte pasa beharko dira pilotari batek urteko txapelik preziatuena bi urtetan jarraian jantzi ahal izateko.

Aitor Elordi, burumakur, berea ematerik izan ez zuen igandeko partidan.
Aitor Elordi, burumakur, berea ematerik izan ez zuen igandeko partidan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Urtetarako txapelduna dugu». Hala zioen 2002ko ekainaren 24ko GARAren alean Beloki eta Barriolaren Buruz Buruko finalaren ostean argitaratutako analisiak. Iritzi emailea ez zen edozein, txapelketa honek inoiz izan duen txapeldunik handienak sinatu zuen, Julian Retegik, Atano III.eko harmailetan emandako balorazioan. Leitzarrak, bere lehen finalean, sekulako pasada eman berri zion azken hamarkadako –Eugirekin batera– izarrik handienari. Bada Eratsungoak hanka barruraino sartu zuen, pilotari bikaina izan zen, ezbairik gabe Abel Barriola, baina bere ibilbidean beste txapel bat baino ez zuen jantzi, majo kostata, 2014ko Binakakoa, Juan Martinez de Irujorekin ­–2001.eko kaiolakoa aurretik irabazia zuen–. Are gehiago, Buruz Buruko beste bi final baino ez zituen jokatu, 2007ko Aimar Olaizolaren aurkakoa eta hurrengo urtean, 2008an, Oinatz Bengoetxea herritarraren aurkakoa. Bietan garaipenetik oso urrun geratu zen.

Beste hamaika txapeldun ezberdin ezagutu ditu, ordutik, urteko txapelketarik preziatuenak: Patxi Ruiz, Juan Martinez de Irujo, Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea, Xala, Mikel Urrutikoetxea, Iker Irribarria, Jokin Altuna, Erik Jaka, Unai Laso eta Aitor Elordi. Horietatik bost baino ez dira txapel bat baino gehiago jantzi dituztenak, Irujo (5), Olaizola II.a (4) eta Bengoetxea VI.a, Irribarria eta Altuna III.a, azken hirurak bina txapelekin.

Baina are gutxiago izan dira txapela gorriz jantzita errepikatzea lortu dutenak, Irujo eta Aimar Olaizola mitoak baino ez. Goizuetakoa izan zen,  2012 eta 2013ko txapelak jantzita, erreskadan bi garaipen lortu zituen azkena eta Iberokoak bi urte lehenago lortu zuen balentria, baina kontuan izan behar da, aurretik ere, Eugi eta Beloki bezalako manomanista handiek ere ez zutela lortu. Baieztapen honek, hala ere, beharrezkoa du zehaztapen bat, 1999ko txapelketa oso berezia izan zelako, Asperen sorreraren ostean izandako kalapitaren ondotik, enpresa bakoitzak bere txapelketa antolatu baitzuen. 98an txapelduna izan zen Belokik irabazi zuen orduko Asegarcerena eta 2000. urtekoa, dagoeneko EPEL sortua zela, Asperena lortu zuen Eugik.

Mende aldaketa

Kasualitate bat besterik ez da izango ziurrenik, baina bolada honen kontuan oso nabaria da XX. eta XXI. mendeen arteko muga, aurretik ohikoa baitzen urte askotarako txapelduna izatea, hori bai, txapelketak oso bestelakoak ziren garai hartan. Pentsa, 1940an Atano III.ak lehen txapela jantzi zuenetik 1950era arte, Buruz Burukoa bi urtez behin baino ez zen jokatzen eta hamarkada batean hiru txapeldun baino ez ziren izan, Mariano Juaristi bera, haren anaia gazteena Atano VII.a eta Miguel Gallastegi. Hortik aurrera, eta Julian Retegik 1980tik 88ra arteko bederatzi txapelak jarraian jantzi zituenera arte, Arriaran II.ak, Ogetak, Azkaratek, Retegi I.ak eta Bengoetxea III.ak ere lortu zuten txapela, gutxienez, bi urtetan segidan janztea. Ladis Galarzak ere egin zuen 91 eta 92an.

Baina berriz ere denboran aurrera eginda, azken hamarkadan ere bada atentzioa deitzen duen daturik, txapeldunak txapela ez errepikatzeaz harago, finalean egotea bera ere izugarri zaildu baita. Pentsa, Irribarriak 2016 eta 2017ko finalak jokatu zituenetik, Jokin Altuna izan da Buruz Buruko bi final jokatu dituen bakarra, Jakaren aurkako 2020koa eta Rezustaren aurkako 2021ekoa.

Baina are gehiago, azken zortzi edizioetan, aurreko urteko txapelduna, Altunaren aipatutako salbuespenarekin, ez da finalerdietara ere heldu. Elordi aurten eta Laso iaz final laurdenetako ligaxkan erori ziren, Jakak 2021ean txapela defendatzerik ere ez zuen izan bihotzean izandako gaixotasunagatik, eta aurretik Altuna eta Irribarria eta baita Oinatz Bengoetxea bera ere, final laurdenetako langa horretan erori ziren, sistema desberdinekin. «Atseden on bat hartu behar nuen unean ez nuen egin, eta iaz pilatutako neke hori asko luzatu zait, batez ere mentala», onartu zuen igandean Aitor Elordik. Gogoetarako puntu polita laga zuen.