NAIZ

Guillermo Merino durangarrak baldintzapeko askatasuna lortu du, 24 urte preso eman ostean

Guillermo Merino Bilbao durangarrak ez du espetxera itzuli beharko, baldintzapeko askatasuna onartzeko erabakia irmoa delako. Guztira 24 urte eman ditu espetxean, horietako 20 herritik ehunka kilometrotara.

Bilbon urtarrilean Sarek eta Etxeratek eginiko mobilizazioan, presoak etxeratzea aldarri.
Bilbon urtarrilean Sarek eta Etxeratek eginiko mobilizazioan, presoak etxeratzea aldarri. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Balditzapeko askatasuna eskuratu du Guillermo Merino Bilbao Durangoko presoak, Etxeratek asteazken honetan jakinarazi duenez. Honen ondorioz ez da espetxera itzuli beharko. Auzitegi Nazionalaren menpeko Espetxe Zaintzako epaile zentralak onetsi du erabakia.

Honekin bukaera jartzen zaio 24 urteko espetxealdiari. Izan ere, 2000ko urtarrilean Basaurin atxilotu zuen Espainiako Poliziak, ETAren «Bizkaia komando»ko kidea izatearen akusaziopean, eta geroztik kartzelan egon da.

Valentziako Picassenten eman zituen gatibu urte asko, baldintza gogorretan. Esaterako, 2017. urtean oraindik 20 orduz zuten itxita ziegan, astean bost minutuko zortzi telefono dei baino ez zituen, postaz bi gutun baino ezin zituen jaso... Beren senide eta lagunek 1.200 kilometro inguru egin behar zituzten joan-etorrian 40 minutuko bisita egin ahal izateko.

2020. urtean Euskal Herrira hurbildu zuten lehenbiziko aldiz, Picassentetik Zaragozako Zuerara eramanez. Eta urtebete geroago Euskalherriratu zuten azkenik. Hortaz, Basaurin eman du espetxealdi luze honetan azken zatia.

Hirugarren gradua eskuratzea izan zen kaleranzko hurrengo urratsa, 2023ko otsailean lortua, eta orain baldintzapeko askatasuna heldu zaio Guillermo Merinori.