Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Lesakako Udalerri Euskaldunen Eguna, herri oso bat inplikatuta, euskaraz izateaz harro

Zubi gainean dantzatzen dira lesakarrak, eta larunbat honetan ere erakunde publiko, eragile eta herritar euskaltzaleak bildu eta elkarrekin egun eder bat pasatzeko topagune ederra izan da herria. ‘Zubiak zeharka’ leloarekin, Udalerri Euskaldunen Eguna euskararen olatua sendotzeko baliatu nahi dute.

Udalerri Euskaldunen Eguneko ekitaldia, Lesakako plaza zaharrean.
Udalerri Euskaldunen Eguneko ekitaldia, Lesakako plaza zaharrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

UEMAk antolatu du ospakizuna, Lesakako Udalarekin eta herriarekin batera, baina ez da UEMA Eguna, Udalerri Euskadunen Eguna baizik, horien ekarpena aitortu eta ikusarazteko hitzordua. 175 udalerri euskaldun daude (biztanleriaren %70 edo gehiago euskaldunak dituztenak) eta horietatik 111 daude mankomunitatean. Larunbat honetan batu dira lau kiderik berrienak: Zegama, Lakuntza, Bakaiku eta Ituren. Guztira 346.000 biztanleko lurgune euskalduna biltzen du UEMAk.

Soinulari eta txistularien dianarekin ernatu da eguna. Harriondoa kultur etxean, batzar nagusia egin dute Euskal Herri osoko udalerri euskaldunetako ehun bat alkate eta zinegotzik. Eta bitartean, herriko etxean, euskara taldeen topaketan, euskararen olatu berria sortzeko gakoak aztertu dituzte.

Euskara talde berriak ari dira sortzen, eta Lesakan agerian gelditu da zenbat gazte dagoen euskararekin interesatua eta inplikatua. Martin Aramendi UEMAko lehendakari eta Ataungo alkateak NAIZi azaldu bezala, labealdi berri horri erantzun beharra dago. Olatu berri horretan lehen lerroan egoteko konpromisoa hartu du ekitaldian.

«Alde batetik, bizi dugun oldarraldia eta herrietan euskara atzera nola egiten ari den ikusita, hori guztia geldiarazteko ahalik eta egiturarik sendoena behar dugu. Zenbat eta herri gehiago izan iruditzen zaigu hobeto erantzun ahal izango diogula egoerari eta, aldi berean, gu baino erakunde handiagoak direnak eta gure gainetik daudenak ere inplikatzea errazago izango dugula. 111ra iritsi gara eta esperantza daukagu datozen batzarretan 130era iristeko».

Azterketak Euskaraz ekimena, ostiralean protesta eguna egin zuena, Aldatu Gidoia, larunbat honetan bertan Gasteizen mobilizazioa duena, haserretu adina hunkitzen duen ‘Bizkarsoro’ filma, Euskaldunon Harrotze Astea, inoizko Korrika zabalena, azaroan Bilbon oldarraldiari eman zitzaion erantzun tinkoa... Hainbat ekimen batu dira, eta ikusten dute indar hori guztia baliatu behar dutela olatu handi bat sortzeko eta egoera iraultzeko bidean jartzeko, denek batera.

Plaza ederra

Eguerdian izan da ekitaldi nagusia, herriko plaza zaharrean, eta bertako irudi ederra herri oso baten inplikazioaren isla izan da. Haur txikietatik hasi eta adineko pertsonetara, denetariko jendea bildu da, giro alaian. Josu Sanjurjo eta Maddi Ane Txoperenak ireki dute ekitaldia bertsoz, besta giroak euskarari arnasa ematen diola abestuz, eta Ladix Satrustegi Lesakako alkateak ongi etorria egin die etorri diren erakundeetako kide, euskalgintzako eragile eta euskaltzale guztiei.

Tantirumairu dantza taldeak emanaldia eskaini du. Bera izan da eguna prestatu duen eragileetako bat, Bor-bor Bortzirietako euskara mugimendua, Lesakako Gaztik, txistulariak, Arrano Elkartea eta Arranobandekin batera. Ia egitarau osoa herritarrek osatu dute, Eneko Fernandez Euskara zinegotziak baieztatu digunez. Erran duenez, UEMAk egun hau Lesakan antolatzea proposatu zienetik argi izan dute Udalarena eta herriarena, biena izan behar zuela ekimenak.

Ekitaldian nabarmendu dutenez, euskaraz bizi dira Lesakan eta harro daude horretaz.

 

Opari bana eman diete Kontxi Erro eta Antton Erkizia lesakarrei, EHEren sortzaileen ordezkari. (Gorka RUBIO/FOKU)

 

Omenaldia EHEri

Unerik hunkigarrienetako bat Euskal Herrian Euskaraz mugimenduari egin dioten omenaldia izan da. Horien ordezkari, opari bana eman diete Kontxi Erro eta Antton Erkiziari.

«Lehen biltzar hari aipamen eta omen egitera gatoz. Han zeundetenei eta bidean jarraitu duzuenoi txalo egitera gatoz», erran du Errok. «Antton eta bion iniziatiba izan zen, gure atarramendua, Lesakan erraten dugun bezala. Harat-honat genbiltzanean, ‘gu inork ez gaitu inoiz askatuko, askatzaile geu gara’ kantari».

Gero, asmoa Txillardegiri azaldu zioten. Noski, euskaltzaleak gustura hartu zuen atarramendu hura, sutsu. Handik aitzinera, pentsalari eta idazle donostiarra izan zen EHEren motorra.

 

 

Instituzioen aldetik, Nafarroako Gobernuko Euskarabideko Jabi Arakama eta Lakuako Gobernuko Josune Zabala mintzatu dira. Lankidetzaren alde egin dute biek, bai erakundeen artean eta bai erakundeen eta gizarte eragileen artean. Arakamak udalerri euskaldunen ekarpena azpimarratu du, eta horiek babesteko «politika berezituak» behar direla erran du.

Arranobandek okasiorako espres sortutako ‘Solasa izan’ kantuarekin bukatu da ekitaldia, haur dantzarien koreografia polit batekin. Handik bazkaltzera joan dira, eta gauera arte bada non gozatua: bertso triki poteoa, Larrain dantza herrikoia, erromeria eta DJ besta.