NAIZ

[ZUZENEAN] Ikusi hemen Zegama-Aizkorri mendi maratoia

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 23. edizioa lehiatuko da igande honetan eta streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da NAIZen. Inoizko lehiarik estuena aurreikusten da eta osagai erakargarrietako bat da Kilian Jorneten itzulera, Zegaman 10 aldiz txapeldun izan den korrikalariarena.

Goizeko 9.00etan abiatuko da Zegamako plazatik Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 23. edizioa. Inoizko lehiarik estuena aurreikusten dela diote antolatzaileek eta horrek probari ikusgarritasun handia emango diolakoan daude.

Osagai erakargarrienetako bat da Kilian Jorneten itzulera. Zegaman 10 aldiz txapeldun izan denak iaz ez zuen lehiatu mendi maratoi honetan eta aurten berriro itzuliko da. Manu Merillas iazko irabazlea eta duela bi urteko lehen bost sailkatuak ere egongo dira hasiera lerroan.

Emakumezkoetan ere Daniela Oemus iazko txapelduna lehiatuko da, bai eta bere atzetik helmugaratu ziren beste hiru korrikalariak ere. Beraz, borroka handia espero da.

Streaming bidez jarraitzeko aukera izango da NAIZen, antolakuntzaren seinalearen bidez (8.30etik hasita), lerro hauen goian dagoen bideoan. Albert Jorquera eta Aitor Elduaien izango dira emankizunaren ahots nagusiak.

Azken bi urteetan jende andana batu da lasterketa handi hau streaming edo telebistaz jarraitzera. Iazko edizioak, esaterako, 2022an ezarritako marka handia hautsi zuen, inoizko bistaratze gehien izan zuen emankizuna bilakatzeraino.