Entrevista
Iñigo Arraras
San Pedroko arraunlaria

«Lan saioak oso onak izaten ari dira; ez dakit nahikoa izango den gorengo mailan jarraitzeko»

Asteburu honetan jokatuko ditu San Pedrok urrezko mailari eusteko kanporaketak. Iñigo Arraras (Pasai Donibane, 1983) San Pedroko arraunlariak adierazi du "Libia" ontziari irabazteko gainerakoek «asko egin beharko dutela arraun». San Juan eta Ares jotzen ditu faboritotzat.

Iñigo Arraras San Pedroko arraunlaria, Pasai Donibanen.
Iñigo Arraras San Pedroko arraunlaria, Pasai Donibanen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Azken asteak gorabeheratsuak izan dira San Pedrorentzat, kirolaz haragoko kontuengatik. Cristian Garma patroia fitxatu zuten kanporaketetarako. Orain, baina, Castro Urdialesko lemazainak dopin kontrolean positiboa eman, eta asteburu honetan ez da lehian arituko. «Ez diogu kasu askorik egin», adierazi du horren inguruan Iñigo Arraras San Pedroko arraunlariak. Denboraldia «zaila» izan den arren, «gogotsu» daude datorrenerako.

Sanjuandarra da Arraras, eta Pasaia aldean «tentsio handiko egunak» izaten ari direla adierazi du, baina «ez lehen bezala». Berak «oraintxe» sinatuko zukeen, bai San Pedro, bai San Juan datorren urtean gorengo mailan egotea. Marea Bizian saioko azken-aurreko atalean duzue entzungai elkarrizketa.

Traineru morean egiten duzu arraun, arrosa kolorea barrutik daraman herrian.

Haiseran, egia da, sanjuandar bat San Pedron ibiltzea arraroa egiten zen, baina denborarekin, eta gaur egun arrauna dagoen bezala, edonor edozein tokitara joaten dela... normaltasunez daramat.

Entzun beharko dituzu herrian ederrak.

Gertukoek txantxetan esaten didate zerbait, baina egia esan orokorrean ez, nahiko lasai nabil.

Bai San Juan, bai San Pedro kanporaketetan arituko zarete. Zer giro dago Pasaian?

Uste dut tentsio handiko egunak izaten ari direla. Egia esan, ez da lehen bezala; uste dut lehen arrauna gehiago bizitzen zela bai hemen, bai San Pedron. San Juanen eta San Pedroren urte onak alde batera geratu dira, eta orain beste modu batera bizitzen da arrauna.

Kontxa ere beste modu batera bizitzen da? Ez da aurreko girorik?

Ez, ezta pentsatu ere. Lehen Kontxako bi asteetan hemen arraunaz bakarrik hitz egiten genuen egunerokoan.

«Guk presiorik ez dugu, nahiz eta lehen mailako taldea izan»

Iaz San Pedrora joan zinen, aurretik bizitza osoan San Juanen egon ostean. Lagunak dituzu "Erreka" traineruan edo jada zure belaunaldikoak joan dira?

Baten bat geratzen da. Joseba [Fernandez] entrenatzailearekin urte batzuk egin nituen, eta badira beste bi arraunlari ere, beraiekin arraun egin dudana.

Azken asteetan izan dituzue gorabeherak, kirolaz haragokoak. Nola bizi izan duzue Garma Patroiarekin gertatu dena?

Egia esan, ez diogu kasu askorik egin. Horretan denbora galtzen baldin bagenuen, gurean ez genuen behar bezala lan egingo. Ez dugu denbora galduko gauza horietan.

Beharbada horrek eragina izango du taldean?

Ez, ez dut uste. Taldea nahiko ondo dago; bi aste on egin ditugu. Badakigu gure bidea zein den, eta horretan jarraitu behar dugu, bai larunbatean, bai igandean.

Azken-aurreko postuan amaitu duzue denboraldia. Gogorra izan da?

Gogorra? Nahiz eta jakin azken postu horietan ibiliko ginela, zaila da aste bukaera guztietan azken bi postu horietan ez geratzea. Bai, zaila egiten da. Bagenekien non ibiliko ginen, eta alde horretatik, egia esan taldea ondo aritu da, eta elkarrekin ondo egon gara.

Uztailean borrokan ari zineten azken-aurreko postua saihesteko, baina abuztutik aurrera jada azken bi postuak oso finkatuta zeuden. Nola eramaten da hori estropadaz estropada?

Zaila da. Uztailean ibili ginen Kaikurekin nahiko gertu, baina egia da abuztuan ez genuela asmatu. Ez genuen zorte askorik izan ere kaleetan. Agian aitzakia ere bada, baina egia da ez genuela zorte handirik izan. Agian guk ere ez genuen gure onena eman.

Gainera, estropadan beti zuen burua atzetik ikustea ez da erraza izan behar, arraunketa mantentze aldera ere ez.

Bai, beti atzetik ikustea zaila izaten da arraunketa mantentzeko eta zure maila hoberena ematea.

Hala ere, esan daiteke goitik hasi zaretela, behera egin, eta orain amaiera aldean, berriro taldea berpiztu dela esango zenuke? Getariako azken estropadan txanda irabaztea lortu zenuten.

Begira, Getariako estropada baino lehenago, niretzat Zarauzko estropadetan zorte txarra izan genuen kaleetan, eta agian gero ere bai; hasieratik atzean ikustean ez genuen gure bertsiorik onena eman, baina aste horiek entrenatzen oso-oso onak izan ziren. Abuztua iritsi arte agian ez ginen hain ondo ibili, baina izan ziren aste onak, eta hortik aurrera, azken aste hauetan, uste dut goraka egin dugula, eta horretan gaude.

Kontxako sailkapen estropadan, Aresek eta San Juanek zuen aurretik egin zuten. Irakurketarik egin al daiteke?

Guk gure irakurketa badaukagu. Ez genuen oso ondo prestatu, entrenamendu on bat egitera joan ginen. Ez dizut esango ez ginela sartzera joan, gezurretan ariko nintzatekeelako, baina ez genuen prestatu. Gure helburua kanporaketetako bi egunak dira, eta horretan jardun gara.

Kontxako bi aste hauek, balio izan dizuete atseden hartzeko, indarberritzeko eta buru-belarri kanporaketei begira jartzeko?

Bai eta, gainera, bi aste oso onak egin ditugu entrenatzen. Gure entrenamenduak oso onak dira, eta animoz oso ondo dago taldea. Ez dakit emango digun datorren urtean Eusko Label ligan jarraitzeko, baina irabazteko asko arraun egin beharko dute.

«San Juanen eta San Pedroren urte onak alde batera geratu dira, eta orain beste modu batera bizitzen da arrauna»

Kanporaketak Bermeon erabakitzen direla esan ohi da. Hala dela uste duzu?

Bai, hala uste dut. Bermeon ez baldin baduzu asmatzen edo ez baduzu egun on bat, gero Portugaleten buelta emateko oso zaila izaten da. Beraz, bai, Bermeokoa giltzarri da.

Kanporaketak jokatu izan dituzu, iaz San Pedrorekin, eta San Juanekin ere baten bat jokatuko zenuen. Eskarmentuak zer ematen du halakoetan?

San Juanekin behin jokatu nuen, jaitsi ginen urtean. Baina hor beste kondizio batzuetan iritsi ginen. Denboraldia oso luzea egin zitzaigun, oso emaitza txarrekin eta joan ginen ia-ia maila galduta. San Pedrorekin joan den urtean alderantziz. Ligan ondo ibili ginen, nahiz eta ez ginen oso erregularrak izan, estropada onak egiten genituen, baina askotan ere txarrak. Zalantza horiekin iritsi ginen. Kontxako sailkapen estropadan joan den urtean ere oso estropada txarra egin genuen, eta kanporaketetara iritsi ginen momentu onenean, bai fisikoki, bai mentalki. Uste dut aurtengoa nahiko berdintsua izango dela. Gogotsu gaude.

Zuretzat amaierarik politena litzakete bai San Pedro, bai San Juan datorren urtean gorengo mailan egotea, ezta?

Bai, benetan esango dizut baietz. Oraintxe sinatuko nukeen bi pasaitarrak gorengo mailan egotea. Guk presiorik ez dugu, nahiz eta lehen mailako taldea izan. Beste bi taldeak, bai San Juan, baita Ares ere, gainerakoak alde batera utzi gabe, ematen du faboritoak beraiek direla. Erraz irabazi dute beraien liga, eta orduan, uste dut alde horretatik presioa beraiena izan beharko duela, eta guk gure lana eginda, ea ematen digun datorren urtean goian geratzeko.