
Txapela janzteko faborito handienetakoak ziren txapelketa hasi aurretik eta garaipen batekin ekin diote aurten sanmateotako feriari Zabalak eta Zabaletak, nahiz eta aurtengo edizioan ohitura bilakatu den eran, azken tantoraino sufritu behar izan duten Altuna eta Aldabe debutariari 22-20 irabazteko. Amezketarrak eta igantziarrak gertu izan dute garaipena, ia eskuetan ere bai 17-13 eta 19-16 aurreratzea lortu dutenean, baina azkenerako urdinen joaren aurrean amore eman behar izan dute Adarraga bete duten zaleen gozamenerako.
Ikusmin handia zegoen gaurko partida ikusteko eta lau pilotariek ez diete hutsik egin Adarraga bete duten pilotazaleei. Gorabehera eta emozio handiko partida izan da A multzoko finalerdietako ligaxka ireki eta gauzak airean utzi dituena.
Ezusteko gutxi hasieratik eta Zabala-Zabaletak lehen mailako bere lehen torneoa jokatu duen Joseba Aldabe zigortzeko ideia garbiarekin irten dira kantxara, bide batez Jokin Altuna jokoan sartzea ekidinez. Asmoa ona zen eta ideia gauzatzerakoan ere zorrotz aritu dira Logroñokoa eta etxarrendarra, lehen alde handiak lortzeraino (4-10).
Ahal moduan eutsi dio Aldabek erauntsiari, baina laster agertu da Jokin Altuna igantziarra babestera. Berak baino ez dituen dohainekin, jokoan sartzea lortu du eta partida goitik-behera aldatzeko modua topatu du bere kalitatearekin.
Zabalari oinetara jokatuz min handia egin dio amezketarrak eta erabat dominatuta egotetik partidaren aginte makila eurena izatera pasa dira gipuzkoarra eta nafarra (17-13 eta 19-16).
Hala ere, Zabala-Zabaletak ez diote partidari aurpegirik galdu, euren joan konfiantza izan dute eta azkenerako Altunaren magia deskonektatzeko gai izan dira, garaipen garrantzitsu bat eskuratzeraino.
Etxeberria Darioren ordez
B multzoko partida jokatuko da gaur Logroñon eta bertan Peio Etxeberriak hartuko du larunbatean eskuko minez amaitu zuen Dario Gomezen lekua. Ezkaraikoa ez da garaiz osatu eta bere lekua ultzamarrari utzi behar izan dio. Nafarrak eta Rezustak lehen partida galtzetik datozen Laso eta Iztueta izango dituzte aurrean.
FITXA TEKNIKOA:
Altuna-Aldabe: 20
Zabala-Zabaleta: 22
Pilotakadak: 547. Iraupena: 65 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-4, 2-4, 2-5, 3-5, 3-9, 4-9, 4-10, 9-10, 9-12, 10-12, 10-13, 17-13, 17-16, 19-16, 19-21, 20-21, 20-22. Sakeak: 3 Altunak eta 2 Zabalak. Egindakoak: 11 Altunak, 1 Aldabek, 7 Zabalak eta 7 Zabaletak. Galdutakoak: 0 Altunak, 6 Aldabek, 1 Zabalak eta 4 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Logroñoko Adarraga pilotalekuan.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

EH Bildu pide a Insausti que «recule» en la publicación del origen de los detenidos
