
Azken urteotan erremontean txapela gehien eskuratu duen pilotaria badoa: Javier Urriza. Urtarrilaren 27 honetan eman du jakitera, baina agurra ez da oraindik gauzatuko, ekainaren amaieran baizik, Galarretan. Euskal Jai Berrin jarduera abiatu zuen iruindarrak bertan itxiko du bere zikloa.
Bidean 30 txapela, hauetatik zortzi buruz burukoan. Dena esanda dago honekin. Hemezortzi urtez luzatu du profesional gisako jarduna. Kirolari osoa izan da Urriza; izan ere, aurrekariak ikusita beste jarduera batzuetan ere lorpen handiak lortzeko dohaiak izan bazituen.
Erremontera palatik heldu zen Iturramako mutila, edo paletatik hobe esanda, horretan nabarmendu baitzen hasieran. Pala luzean profesionala izatera bideratua zegoela zirudienean, Euskal Jai Berrin proba egin eta ondo egokitzen zela ikusita, hori hautatu zuen. Ez ziren oker ibili hori proposatu ziotenak. Garai hartan Koteto Ezkurrak uzten zuen hutsunea bete egin duela esan daiteke.
Erremontari txapelketaren ostean gauzatuko da agurra. Ekainaren 28an kokatu dute bere azken norgehiagoka. Bada oraindik eskumutur kolpe horrekin gozatzeko aukera, beraz.
Azken urteak ez dira errazak izan, zenbait lesioren ondorioz, eta honek Ezkurraren marka berdintzea (hamaika txapela buruz burukoan) ezinezkoa egin dio Javi Urrizari.
Pandemiak ezarritako geldialdiak moteldu zuen bere abiada, ordura arte frontoi luzeetan jaun eta jabe izan ostean. 2021 urtean NAIZi emandako elkarrizketan zera nabarmentzen zuen: «Mamuak nonbait ikusten nituen covid-aren ondoren, nire burua fisikoki makal nabaritzen nuen». Hala ere, hamargarren finala jarraian jokatu zuen urte hartan. Eta 2022an eskuratu zuen azken txapela (2012an lehena).
1.200 partida baino gehiago
«Agur bira» moduko bat egingo du Oriamendik Urrizaren azken jokaldiei ahalik eta dizdira gehien emateko. Hamaika hitzordu iragarri ditu astelehen honetan, eta guztien artean Galarretan izango ez den bakarra nabarmendu du: Labriten, bere hirian, jokatuko du apirilaren 11ean.
Gainera, webgune berezi eta dotorea abiatu du enpresak, honen berri emateko eta Urrizaren jarduera nolabait biltzeko. Bertan pilotariak berak eskainitako mezua: «18 urteko ibilbide profesionala zoragarria izan da. Baina hau ez da behin betiko agur bat, profesional moduan jokatuko ditudan azken partidez gozatu nahi dut. Konbentzituta noa, gustora, bizi izandako guztiagatik pozik, lortutakoarekin harrituta, baina batez ere eskertuta».
Norgehiagoka hauekin 1.200 partiden langa gaindituko du Iturramakoak, izan ere gaur arte 1.199 jokatuak ditu dagoeneko.
Emozioari eutsi dio Javi Urrizak agurra iragartzeko tenore honetan, baina ahotsa zertxobait urratu zaio aita gogora ekarri duenean. Kirolarekin maitemintzera bultzatu zuela aipatu du. Honekin batera, egindako ibilbide osoarekin oso pozik agertu da, denei eskertua, eta erremontearen edertasunarekin oraindik txundituta.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
