NAIZ

Asier Urbietaren ‘Faisaien irla’ apirilaren 25an iritsiko da zinema aretoetara

48. Göteborg Film Festivalen estreinatu ondoren, ‘Faisaien irla’ Asier Urbietaren lehenengo film luzea apirilaren 25ean iritsiko da zinema-aretoetara. Thriller mugalari honek Jone Laspiur eta Sambou Diaby ditu protagonista.

‘Faisaien irla’ filmeko fotograma.
‘Faisaien irla’ filmeko fotograma. (TENTAZIOA PRODUKZIOAK)

Göteborgeko nazioarteko zinema jaialditik pasa ostean, apirilaren 25ean iritsiko da Asier Urbietaren lehen film luzea zinema aretoetara. Jone Laspiur eta Sambou Diaby protagonista dituen thrillerra da ‘Faisaien irla’, eta antzezle taldean daude baita ere Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea. Gidoia Asier Urbieta zuzendariak idatzi du, Andoni de Carlosekin batera. Azken honek Goya saria irabazi zuen ‘Handia’ lanagatik.

Filma sei astez filmatu zen Bidasoako mugaren inguruan, Irunen, Hendaian eta Donostian. Filma euskaraz filmatuta dago eta frantsesa, mandigoa eta gaztelaniak ere badute bere lekua.

Sinopsian zehazten denez, Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby), irla paretik paseatzen doazenean abiatzen da kontakizuna: «Bi pertsona ikusten dituztenean ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk beranduago, hilotz bat agertzen da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian. Ze estatu arduratuko da hilotzarekin?».

Zuzendariaren hitzetan, «nire etxetik gertu gertatzen den egoera konplexu eta global hau kontatu nahi izan dut, askorentzat ezezaguna delakoan. Mugak, nazioarteko politikak eta bidegabekeriak guztiei eragiten digute. Horregatik sortu zait historia hau kontatzeko beharra. Etxetik gertu gertatzen den historia hau nazioarteko ikusleei ere eragingo dielakoan nago, unibertsala delako».

Filmaren sortzezko ideiaz ere mintzatu da: «Egun buruzuri batean gosaltzen ari nintzela, txirrindulari batzuk ibaiaren beste aldera iristen saiatzen ari ziren bi pertsonen oihuak entzun zituztela irakurri nuen egunkarian. Ezin omen zioten korronteari aurre egin. Haien lekuan jarri eta galdera bat hasi zitzaidan buruan bueltaka: 'Zer egingo nuke nik?' Jauzi egingo nukeela erantzutea gustatuko litzaidake, baina, ez daukat hain argi. Gertakari honetatik abiatuta pelikularen istoria garatu nuen».