
Euskal Herrian Euskarazek (EHE) manifestaizo nazionala deitu du heldu den apirilaren 6rako Baionan, «euskararentzat nahiz euskaldunontzat justizia» aldarrikatzeko eta bost egun beranduago epaituko dituzten erakunde horretako bi ekintzaileei elkartasuna adierazteko.
EHEk epaitegietatik euskararen aurka ematen ari den oldarraldiaren testuinguruan kokatu du EHEk mobilizazioa. «Forma eta itxura desberdinez jantzita» datorren «euskaldunon aurkako oldarraldiak» helburu nagusi bat du bere ustez: «euskararen biziberritze prozesua oztopatzea eta euskaldunon hizkuntza eskubideetan atzerakada eragitea». Hala, «espazio nahiz eremu guztiak daude jopuntuan eta, bestelakorik sinetsarazi nahi badigute ere, erasoaldiak euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen digu».
EHEk nabarmendu duenez, euskararen aurkako oldarraldia, «judiziala izatetik haratago, politikoa, mediatikoa zein sindikala ere bada» eta «erasoaldi horren erantzuleek lotsarik eta ahobizarrik gabe dihardute diskurtso euskarofoboak sortzen eta haizatzen».
Gogoratu du joan zen abenduaren 7an Durangon jendetza bildu zela «zenbait alderdi, sindikatu, hedabide nahiz eragile sustatzen ari diren olatu erreakzionario eta atzerakoiaren aurrean», eta ohartarazi zutela «jokabideok ez ditugula modu isolatuan ulertzen, oro har, mundu mailan ugaritzen ari diren jarrera faxisten eta eskuin muturren testuinguruan baizik».
Horrekin batera, Euskararen Egunaren harira, abenduaren 3n EHEko bi ekintzailek «Justizia euskararentzat» aldarrikapena idatzi zuten Baionako Justizia Jauregiaren sarreran, eta apirilaren 11n epaituko dituztela han bertan.
EHEk nabarmendu du euskararentzat justizia eskatzeaz gain euskaldunontzat ere aldarrikatzen duela, izan ere, «euskaldunok gorpuzten dugu euskara eta, ondorioz, euskaldunak gara erasoaldi hori pairatzen dugun subjetuak, subjektu zapalduak».
Hala, zapalkuntza horrek «euskaldunon eskubideen eta askatasunaren murrizketa eragiten ditu eta horrek gizarte bidegabeago baterako oinarriak elikatzen ditu» erakunde horren esanetan.
Egunerokoan izaten diren «justizia ezaren» hainbat adibide zerrendatu ditu EHEk: Ipar Euskal Herrian euskarak ez du legezko ofizialtasuna; «bi Konstituzio arrotzen pean, euskara ofiziala den lurraldeetan ere ofizialtasunak muga ugari ditu eta erakunde publikoetan euskararen erabilera ez dago orokortuta»; «haurreskoletatik hasita, euskaraz ikasteko zein azterketak euskaraz egiteko ezintasunak eta oztopoak ugariak dira»; «sistema judizialaren aurrean euskaraz aritzeko eskubidea ez da bermatzen»; erakunde publikoetatik euskalgintzara bideratzen den diru-laguntza «oso eskasa eta murritza da»; hizkuntza paisaia, «kasurik onean, elebiduna da eta Euskal Herriko herrien izenekin ariketa paradoxikoa egin da, horiek erdaldunduz»; euskararen alde egiteagatik «jazarpen politikoa nahiz ekonomikoa jasan behar izaten ditugu»...
«Eskubide urraketa» horien aurrean, «kikildu ordez, harrotasunez, desobedientzia ekintzak indartu eta kaleak hartzeko» deia egin eta apirilaren 6an Baionara joateko deia egin die EHEk euskaltzaleei. 11.30ean abiatuko da, epaitegitik.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

