Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Gizakiak eta mamuak

BODEGÓN CON FASTASMAS
Estatu espainairra, 2024. 88’. Zuzend. eta gidoia: Enrique Buleo. Akt.: Jordi Aguilar, Eduardo Antuña, Enric Benavent, Patty Bonet. Musika: Sergio Bertran. Argaz.: Gina Ferrer.

‘Bodegón con fantasmas’ filmeko une bat.
‘Bodegón con fantasmas’ filmeko une bat. (This and That Productions)

‘Bodegón con fantasmas’ Estatu espainiarra, frantziarra eta Serbiaren arteko koprodukzioa da. Enrique Buleoren lehen lana da, eta umore beltzez eta kostunbrismoz betea dago. Bost zatitan banatua dagoen filma da eta herri txiki bateko biztanleen istorioa azaltzen du; gizakiak eta mamuak elkarrekin bizi diren tragikomedia da. Bizirik daudenek eguneroko zailtasunei aurre egin beharko diete, eta hildakoek, berriz, heriotzaren atsekabeei. Erritu paranormalak, hildako senideen agerraldiak eta federik gabeko apaizak ikusiko ditugu bertan.

Oso film berezia eta nahiko sailkaezina da. Iragan Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren astean egin zuten filmaren aurkezpena eta zuzendariaren hitzetan «berezia da onerako eta txarrerako. Alde batetik oso lan berezia eta originala egin dugula uste dut, baina hain arriskutsua den proiektu baten alde arraun egitea ez da batere erraza izan; toki askotan zalantzan jarri dute filmari babesa eman ala ez. Ikusle zabal bati eskaintzen ez zaion produktu bat egiten duzunean, jendea oso kontserbadorea dela ohartu gara. Oraingoz, zorionez, harrera oso ona izaten ari da».

Filma orain estreinatu bada ere, Bureo aspaldi hasi zen gidoia idazten. «Konfinamenduan hasi nintzen istorio hau idazten. Mamuei buruzko hainbat istorio nituen buruan, eta iruditu zitzaidan horien artean film luze bat egon zitekeela. Txikitan ikusten nituen pelikula eta liburuei omenaldia egin nahi nien eta pelikula hau egitea erabaki nuen» gehitu du Enrique Buleok.

Alor teknikoan Gina Ferrerren izena nabarmentzen da: ‘20.000 especies de abejas’ filmaren argazki zuzendaria.