NAIZ

Ultraeskuinaren agerpen txikiari herri erantzun erraldoia eman diote Errenterian

Manifestazio handia egin dute Errenterian ostiral honetan, ultraeskuina herrian ez dela ongi etorria argi uzteko. Ekimen anitza izan da, Euskal Herritik kanpo ere oihartzun handia izan duena.

Jende multzoa, Errenteriako Plazatik abiatzeko prest.
Jende multzoa, Errenteriako Plazatik abiatzeko prest. (Andoni Canellada | Foku)

Euskal Herriko beste zenbait herritan egin duen bezala, Errenterian «lurra hartuko» du Voxek larunbat honetan, hiru orduz karpa txiki bat bertan jartzeko. Ultraeskuinaren aurkako indar metaketa eragitea baino ez du lortu momentuz alderdi espainiarrak ekimen honekin. Izan ere, oso egun gutxitan Orereta-Errenteriako Herri Ekimena deiturikoa sortu da, faxismoaren kontra, eta ostiral honetan manifestazio handia osatu du.

Kaleak bete egin ditu mobilizazioak, giro lasaian baina mezu irmoa emanez. Ehunka ikurriña erakutsi dituzte.

‘Oldarraldi faxistaren aurrean, askatasuna’ izan da mobilizazioaren leloa. Voxekoek mezua bereganatu dezaten, gazteleraz ere adierazi nahi izan dute: ‘Frente a la ofensiva fascista, libertad’.

Ehun herritar baino gehiagok bultzatu dute ekimena, batera. Ostiraleko aurkezpenean erakutsi zutenez, aldarrikapen ezberdinak bilduz eta batuz: feminismoa, euskal nazioa eta erabakitzeko eskubidea, presoen etxeratzea, Palestinarekiko elkartasuna, etorkinei harrera ematearena...

Jende andana Errenteriako kaleetan barrena. (Andoni Canellada | Foku)

Herriko zenbait eragile eta norbanakok deitutako mobilizazioa izan da ostiral honetakoa, eta larunbatekoari begira inolako probokaziotan ez erortzeko deia biltzen du. «Zapalkuntzaren aurrean altxa zen herria da gurea; borrokaren bidez langileontzat eskubideak irabazi zituena, jatorri ezberdinak batu zituena herrigintzari bultzada emanez, emakumeon eskubideen alde borrokatu zena, euskarari bultzada eman ziona, Francisen erailketaren aurrean altxa zena. Larrutik oraindu genuen. Baina hemen gaude», ekarri dute gogora.

«Herri honetan duten ukazioa probestu eta gu probokatzera datoz Errenteriara. Ez datoz bozka bila, ez bazkide gehiagoren bila. Hona datoz, jakin badakitelako, herri honetan eskubideen aldeko borrokak askotarikoak izan direla eta hemen duintasunez betetako herri bat dagoela», erantsi dute.