NAIZ

Salbuespen egoera gainditzeko baldintzak daudela nabarmendu da otsaileko azken ostiralean

Preso, iheslari eta deportatuek pairatzen duten salbuespen egoera gainditzeko baldintzak daudela nabarmendu da Euskal Herrian zehan otsaileko azken ostirala dela eta egin diren elkarretaratzeetan.

Gasteizen egindako mobilizazioa.
Gasteizen egindako mobilizazioa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarrikapena lau haizetara zabaldu da otsaileko azken ostiralean. Sare eta Etxerat antolatzaileek jakitera eman dutenez, 3.000 lagun elkartu ziren Euskal Herrian zehar izan diren mobilizazioetan.

«Izan ere, espetxe politikan aldaketa nabarmenak gertatu badira ere, badira oraindik intentzionalitate politikoko 136 euskal preso, 16 iheslari eta hiru deportatu. Preso horietako batzuk espetxetik ateratzeko prozesuaren baldintza juridikoek ez dute aukera handirik ematen epe laburreko konponbide bat izango dela pentsatzeko. Salbuespen neurriek indarrean jarraitzen dute, horretarako oztopoak salbuespeneko arauetan oinarritzen direlako beraz, bai eta, neurri batean ere, espetxe kudeaketako praktika batzuetan ere. Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatu, hori litzateke auzi hau behin betiko konpontzeko bidea», nabarmendu dute elkarretaratzeetan.

«Preso horien egoera gizarteratzea dagokigu. Egoera horien salaketa. Horretan ari gara. Salbuespena erdigunean jarriz eta preso horiek etxerako bidea egiteko duten eskubidea aldarrikatuz. Oztopoak oztopo, une erabakigarri batean gaude. Preso, iheslari eta deportatuen auziari konponbidea emateko baldintzak badaude», gaineratu du Sarek eta Etxeratek.

Sareren batzarra martxoaren 22an Hernanin

Ibilbide honetan Sarek martxoaren 22an Hernaniko Biteri Kultur Etxean egingo duen X. Batzar Orokorraren garrantzia nabarmendu dute.

Ihauterietan ere Etxera aldarrikapena lau haizetara zabalduko dela herri eta auzoetan azpimarratu zuten. Martxoaren 8ko Bilgune Feministaren deialdietan emakume presoek pairatzen duten zigor soziala, pertsonala eta penala salatzeko kalera ateratzeko aukera dela adierazi dute.

«Gurea, behar bat da. Herri honek behin betiko aterabide bat eman nahi dio preso, iheslari eta deportatuen auziari, bai eta herri honetan eman diren biolentzia guztien biktimen aitortzari ere; eta norabide horretan eremu guztietan eragin behar dugu, kalean zer esanik ez!», nabarmendu dute Sarek eta Etxeratek.