NAIZ

Itxasok lege bat iragarri du, «etxebizitzen eraikuntza azkartu eta alokairuak babesteko»

Etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legearen proposamena datozen asteetan aurkeztuko da Gasteizko Legebiltzarrean. Denis Itxasok azaldu duenez, helburua «epeak murriztea, hirigintza-araudiak malgutzea eta maizterren babesa indartzea» da.

 ‘Forum Europa. Tribuna Euskadi’ topaketan aurreratu du Denis Itxasok proposamena.
‘Forum Europa. Tribuna Euskadi’ topaketan aurreratu du Denis Itxasok proposamena. (Irekia)

Lakuako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Lege bat izapidetuko dela iragarri du ‘Forum Europa. Tribuna Euskadi’ topaketan. Azaldu duenez, proposamen honen helburua «epeak murriztea, hirigintza-araudiak malgutzea eta maizterren babesa indartzea» da.

Sailburuaren hitzetan, etxebizitzaren arazoa «erdiko klaseko pertsonen arazo bihurtu da, eta ez soilik klase ahuleneko pertsonena». Hala, etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legeak lurzoruaren, etxebizitzaren, turismoaren eta ingurumen-administrazioaren arloko arau-aldaketak sartuko dituela aurreratu du Itxasok.

Sailburuak proposamenaren helburuak zehaztu ditu. «Hirigintza-izapideetan administrazio-epeak %50eraino murrizten lagunduko duten mekanismoak bilatzea, etxebizitza babestuaren garapena errazteko, eta administrazio-isiltasun positiboa ezartzeko legezko bide posibleak aztertzeko, edo, hala badagokio, espedienteen jarraipena ahalbidetzeko».

Era berean, hirigintza-irizpideak malgutzea du jomuga, «udalei lurzoru urbanizagarrian etxebizitza libreen eta babestuen ehunekoak doitzeko aukera emanez, eragiketa bakoitzaren bideragarritasuna bermatzeko». Hala eskatzen duten udalek Babes Ofizialeko Etxebizitzen kopurua gutxienez % 60an finkatu ahal izango dituzte eskakizun horiek, osoko bilkuraren erabaki bidez.

Honela, Eudelekin lankidetzan, «etxebizitza babestuetarako lurzoru-erreserba estrategiko bat sortzea» ere badu helburu, «baita Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko lurzoruen lagapena sinplifikatu eta arinduko duen prozedura bat ere».

Etxebizitza publikoen parkea trinkotzea ere jarri du Itxasok ortzimugan, «eraikin babestuetan altuerak handitzeko aukera emanez, lurzoru gehiago kontsumitu gabe 2.000 bizitoki berri sortzeko aukerarekin».

Alokairuaren erregulazioa

Azpimarratu duenez, etxebizitza krisiaren ertzetako bat den alokairuan ere jarriko du ikusmira legeak, erregulazioa «indartuz», «eremu tentsionatuetan arauak betetzen ez dituzten jabeentzako zehapen espezifikoak ezarriz, espekulazioa mugatuz eta bidezko prezioak bermatuz».

Modu berean arautuko dira Erabilera Turistikorako Etxebizitzak (ETE), «eremu tentsionatuetan etxebizitza turistiko berrien jarduera ekonomikoa debekatuz». Estatuaren Kontratuen Legean aurreikusitako presazko kontratazio-formulak ere erabiliko dira, «bizitegi-larrialdiko egoera baten aurrean epeak murriztu ahal izateko».

Eraikuntza indartu

Krisi honi aurre egiteko beste giltza bezala, Itxasok eraikuntzaren sektorearen industrializazioa Lakuaren «funtsezko ardatzetako bat» dela adierazi du. Industrializazioa «eraikuntzarena bezalako sektorea indartzeko eta modernizatzeko aukera bikaina da, eta horren mende gaude erabat, lehen deskribatu dugun eskaera horri soluzioa emateko».

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak «arazoak soluzioa duela» esanez amaitu du bere hitzaldia, arduraz jokatzeko eta erakundeen arteko lankidetzarako deia eginez. Soluzioak, bere hitzetan, «bizi dugun egoeraren mailan egongo diren baliabideak, akordioak eta premiazko erreformak eskatzen ditu». «Euskal Autonomia Erkidegoak gauza asko egin ditu ondo etxebizitza arloan, baina egungo egoerak pauso berriak ematera behartzen gaitu, eta azkar egin behar dugu», azpimarratu du.

Etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legearen proposamena datozen asteetan aurkeztuko da Gasteizko Legebiltzarrean, «ahalik eta azkarren indarrean jartzeko, higiezinen sektorea dinamizatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko alokairuaren merkatua orekatzeko eta herritarren kezka nagusietako bati premiaz erantzuteko».

EH Bildurentzat, «ez doa norabide onean»

Bestalde, EH Bilduk gogor kritikatu du asteazken honetan iragarritako legea, «ausarta» ez delakoan, Lakuako Gobernuak izan beharko lukeen zereginean ez sakontzeagatik eta etxebizitzak eskaintzeko ardura udaletan «berriro kargatzeagatik».

Xabier Astigarraga EH Bilduko legebiltzarkideak ohar batean adierazi duenez, proposamen hori «ez doa norabide onean». Zehaztu duenez, koalizioak punturen bat egokitzat jo dezakeen arren, oro har «ausardia falta zaio» eta Lakuari arlo horretan zeregin handiagoa aitortu diezaioke.

Etxebizitza babestuaren eraikuntza %75etik %60ra jaistea arbuiatu du, ohartarazita BOEn defizit-egoeran «legeak eskatzen dituen gutxieneko ehunekoak jaisteak are gehiago zailtzen duela etxebizitza babestuaren parke publikoa handitu ahal izatea», eta horrek automatikoki eskaintza publikoa murriztea ekarriko duela, Astigarragaren ustez.

«Etxebizitzaren arloko esku-hartzeari eta kontrol publikoari uko egitea merkatu-interesei eta interes pribatuei nahi bezala uztea da, erakutsi baitute ez dutela herritarren ongizatea bermatu nahi, onura gehiago eta gehiago pilatu baizik», ohartarazi du. Gainera, EH Bilduk udal gehienetan gobernatzen duela gogorarazi du.