Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Mireia Gabilondo
Tanttaka Teatroa konpainiako kidea

«Zailena ez da ikuskizuna sortzea, estreinatu ondorena baizik, emanaldirik ez daukazunean»

Hiru aktore eta lau pertsonaia. ‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’ obran era guztietako paralisiak dituzten pertsonak ikusiko ditugu eszenan. Haiek gorpuztuz, Mireia Gabilondo –zuzendaria ere bada–, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta.

Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo, obrako eszena batean.
Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo, obrako eszena batean. (Gorka BRAVO)

Ezustean etorri zen ekoizpen berriaren izenburua, ‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’. «Tontamentean jarri nion izenburua, bere pisua hartuz joan da eta azkenean geratu egin da. Nik norbaiti izenburua esan, berak galderatzat hartu eta ‘badakit’, erantzun zidan. Grazia egin zidan eta hor geratu zen. Nahiko sugerentea eta era berean pista batzuk ematen ditu bertan lantzen ditugun kontuei buruz», azaldu du Mireia Gabilondok (Bergara, 1964).

Gezurrez eta korapiloz betetako komedia tragikoa aurkeztu du antzerki konpainiak. «Gaixotasun mentalak, bakardadea, min metafisikoa, suizidioa, adimen artifizial batekin izan dezakeegun harremana... gai potoloez umoretik hitz egiten dut; komediatik ere egin daiteke», kontatu du.

Eszena gainean, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta. Lehenengoaren ardurapean dago zuzendaritza. «Gertuko» sentitzen ditu bi aktoreak. «Ondo elkar ulertzen dugu eta ikaragarri gustatzen zait beraiekin lan egitea, oso aktore onak direlako». Oraingoan «segurura» jo duela esan diogunean, «hurrengo ikuskizuna egin beharreko zerbait da beti», ohartarazi du Gabilondok.

Garun-paralisia duen psikologoa da Jose Manuel. Bere etxeko landareak zaintzera dator emakume bat, Yoldi/Lucia izenekoa. «Ikusiko da emakumeak buru-urritasuna duela –«toquecito minus» daukala dio antzezlanean Jose Manuelek–. Azken hau, egin ohi duten bezala, beste psikiatra batengana doa bere pazienteez hitz egiteko, eta psikiatra horrek, Martinak, ere bizitzako momentu honetan min handi bat jasoko du. Hor hasiko da tragedia», laburbildu du Gabilondok obraren abiapuntua.

«Gero jakingo dugu lore-zaintzailea ez dela benetan dirudiena, beste norbait dago bere barruan... Nortasun bikoitza duen pertsona da», jarraitu du zuzendariak.

Paralisiak

Zenbait paralisiren lekuko izango gara antzezlanean. «Gustukoa dut gaia. Denok dauzkagu gure zailtasunak bizitzeko. Guztiok dauzkagu paralisi ezberdinak eta horri aurre egin behar diogu», aitortu du Gabilondok. «Jose Manuelek garun-paralisia dauka, Yoldik paralisi intelektuala du, depresioak jota dago eta paralisi emozionala dauka momentu honetan Luciak, eta Martina paralisi metafisikoa duen psikiatra da».
 
Aitziber Garmendiak eta Telmo Iruretak antzeztutako  “Sexberdinak” obra arrakastatsuak ere ezintasunak zituen ardatz. «Batzuenak fisikoak direnez agerikoagoak dira, baina ezintasun asko ditugu eta garrantzitsuak dira buru-gaixotasunez hitz egiteko orduan».

Eguneroko bizimoduari aurre egiteko soinean janzten ditugun maskarak. «Maskara dugula dakigunean kontzienteago gara egiten ari garenaz, baina jartzera behartuta sentitzen gara, bestela ezin dugu aurrera egin», esan du.

Gizakiak besteen beharra duela; ideia horretan ere sakondu nahi du antzezlanak. «Garai hauetan indibidualtasuna hainbeste sentitzen ari gara gizartean, non horren kontrako kantu bat den. Besteen beharra daukagu gu garen bezalakoak izateko. Zoriontsu izateko eta bizitza honetan ondo moldatzeko. Ez dut esaten jende asko behar dugunik, baina norbaiten beharra daukagula azpimarratu nahiko nuke».

Tragedia eta komedia elkar harilkatuta. «Badaude eszena batzuk oso mingarriak direnak; pertsonaien harremana oso zaila dela ikusiko dugu eta mindu egingo gaituzte, negarrez hasi edo emozionatu. Eta hortik gutxira barre txiki bat ikusiko dugu gure aurpegian; hori nahi nuen eta horixe ikusi dut orain arteko emanaldietan», esan du.

Sei astez Madrilen

Madrilen hilabete eta erdi egon dira Maria Guerrero antzokian. Nola sortu zen aukera? «Centro Dramático Nacionalekin egindako koprodukzioa da. Gure aurreko lana eramatekotan izan ziren, baina azkenean ezinezkoa izan zen. Beste ikuskizun bat egiteko gonbidapena eginez deia jaso nuen. Oso pozik jaso nuen. Ordurako ari nintzen obra idazten. Luxua izan da, eta pozgarria, kontuan izanda hemen egiten ditugun lanak ez direla Madrilen ikusten. Batzuetan ematen du ez garela existitzen. Oso erantzun politak jaso ditugu».

Bi hizkuntzatan ontzen dituzten lanak, euskaraz eta gazteleraz. «Normalean estreinalditik bi bertsioak prest izaten ditugu. Azpimarratzeko kontua iruditzen zait. Lan handia dauka erabaki honek atzean aktoreentzat, zuzendariarentzat, teknikarientzat... mundu guztiarentzat», esan du.

Ezohikoa da antzezlana orain arteko dinamikarekin alderatuz. Izan ere, erderazko bertsioa oholtzaratuz hasi zuen ibilbidea proiektu honek. Madrilgo egonaldiaren ondoren, otsailean lehen aldiz euskaraz eskaini zuten Euskal Herrian. Beasainen estreinatu zuten euskarazko bertsioa. dFERIAN espainolezkoa, aste honetan. «Txaloak oso beroak izan ziren, bukaerako komentarioak ere bai eta oso pozik gaude», dio.

Hainbat emanaldi dituzte aurretik: Bilbon (apirilaren 9an euskaraz eta 10ean espainolez), Getxo (apirilaren 12an euskaraz), Iruñean (apirilaren 29an euskaraz eta 30ean espainolez), Gasteizen (ekainaren 18an euskaraz eta 19an espainolez). 

Mireia Gabilondo antzerkigile eta aktorea.

Hainbat aldaketa izan dituzte lantaldean, bidean. Karmele Aranbururi beste lan bat sortu zaio eta Gabilondok hartu dio lekukoa Euskal Herrian. Zuzendari ardurarekin gutxi ez eta aktore lanak gehitu zaizkio orain. «Erabakiak bizkor hartu behar izaten dira eta jakin behar dena da aurrera egiterik badagoela», adierazi du. 

Laia Bernues Gabilondo da zuzendari laguntzailea. Lehen aldiz alaba ondoan duela ari da zuzendari lanetan. «Oso gustura aritu gara elkarrekin, pozik gaude. Fernando Bernuesekin ere aspaldi aritu zen eta orain nirekin. Kristoren lana egin du», kontatu du.

Espazio eszenikoa Fernando Bernuesek sortu du. «Espazio hutsa da, atzealdean panel mugikorrak daude. Bertan testurak, landareak... proiektatzen ditugu. Diban bat –psikiatraren eta psikologoaren kontsultan– eta Telmoren gurpil-aulkia, biak bakarrik mugitzen direnak urrutiko mandoarekin», azaldu du.

Eta jantziak Ana Turrillasek egin ditu. Argiztapenaren diseinua David Bernuesek sinatzen du. Ohiko lantaldea. «Bai, betiko jendearekin, gustukoarekin, egin dut», aitortu du.

Erantzunaren zain

Aurrerantzean, zer? Ikusi egin behar. «Orain arteko bidea Madrilen egin dugu. Ea hemengo programatzaileek gustukoa duten eta emanaldiak ateratzen diren... Gure lanaren zati da, zein harrera daukan ikusi zain egon behar».

Azoka izanik, antzezlanen salerosketa gunea da dFERIA. Zenbait programatzaileren aurrean defendatuko dute lana. «Gure lana erakutsi dezakegu bertan eta heburua da ahalik eta programatzaile gehienek ikustea egun horretan. Askotan gertatzen da ez bada saltzen hortxe geratzen dela gure lana», dio.

Vaiven konpainiak berriki hartutako erabakia, alegia, 28 urtez egindako bideari amaiera jartzea, ekarri diogu gogora Gabilondori. Berak, Tanttaka konpainiaren barruan, une hauek nola bizi dituen jakin nahi dugu. «Antzeratsu. Oso zaila da konpainia bat edukitzea behar duzun pertsona guztiekin. Bulegoko kideak, furgoneta, hainbeste gauza... Eta egia da zirkuituak gero eta txikiagoak direla. Ikuskizun batek 20-25 emanaldi eginez gero, Euskal Herrian topean gaude, eta horrekin bizitzea zaila da. Emanaldi kopurua betetakoan, antzezlana zaharkituta geratzen da eta beste bat sortu behar duzu. Horrek kristoren lana, esfortzua eta dirutza eskatzen ditu produkzio lanetan. Momentu latzak bizitzen ari gara, oso zail dago egoera. Hori gure kasuan erakundeen aldetik dirulaguntzak jasota, baina jende asko dago jasotzen ez duena...».

Tanttakak duen izen eta ibilbidearekin gauzak horrela badaude, zer panorama ote dute hasiberriek? «Gaur egun talde berri bat sortzea oso zaila da. Gu hasi ginen garaian ere hala zen. Ez dago ezer segururik eta antzerkia egiteko kredituak eskatzen genituen, etxe bat erosten ari bagina bezala», azaldu du.

Irudi lezakeenaren aurka, ekoizpen batek argia ikusi ondoren dator goranzko aldapa. Garbi dio: «Ematen du zailena ikuskizuna sortzea dela, entseatzea, zu gustura geratzea... Izan ere,  askotan barruko unibertsoak dira eta ez dira tangibleak. Zailena ez da ikuskizuna sortzea, estreinatu ondorena baizik, emanaldirik ez daukazunean, oso gutxi ikusten denean zuk egin duzuna. Mingarria da eta kolokan uzten zaitu. ‘Zer egin behar dut, beste ikuskizun bat honetarako?’, diozu. Zailena da gogoa edukitzea, mantentzea eta apustua egitea», aitortu du.

Era guztietako lanek izan behar lukete tokia, bere esanetan. «Herri bakoitzak publikoa dauka ikusteko gauza klasikoak zein berriagoak. Irekiago egon beharko lukete erabakiak hartzen dituztenek. Zenbat eta gauza desberdinagoak egin... denontzako tokia dagoela jakin beharko genuke. Horretarako, diru gehiago beharko litzateke eta gero eta diru gutxiago dago leku askotan. Esaten ari naizena utopia da, baina artean gabiltzanok utopietan sinesten dugu. Hemen jarraitzen dugu, bakoitzak bere bidea egiten».  

«Obra bat ondo idatzia eta antzeztua badago, badago publikoa. Gauza batzuk ikustera jende gutxiago joango dela? Nik uste ikusle horiek ere garrantzitsuak direla. Ez dira programatu behar aretoa betetzen duten lanak bakarrik; horretarako dago diru publikoa. Kulturaz ari bagara, ez zaie bakarrik zenbakiei begiratu behar», aldarrikatu du.

Une honetan ‘Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez’, ‘Heinsenberg’, ‘Emakume baten borroka eta metamorfosia’, ‘Del color de la leche’ eta ‘Testigo de cargo’ lanekin ere ari dira emanaldiak eskaintzen.