NAIZ

Etxebizitza turistikoen kopurua %36 murriztea lortu du Zumaiako Udalaren arauak

Etxebizitza turistikoak erregulatzeko Zumaiako Udalak martxan jarritako araudiak kopurua nabarmen murriztu du. Prozesua hasi aurretik 56 etxebizitza turistiko zeuden eta egun 37k baino ez dute legeztatzeko eskaria egin. Hau da, 19 gutxiago dira.

Zumaia.
Zumaia. (Jon URBE | FOKU)

Etxebizitza Turistikoen kopurua %36 murriztea lortu da Zumaian: prozesua abiatu zenean 56 etxebizitza turistiko zeuden herrian, eta horietatik 37k bakarrik eskatu dute haien egoera legeztatzeko; beraz, gaur egun 19 etxebizitza turistiko gutxiago daude herrian. Araua onartu zenetik lizentzia eskaera bakarra egon da; kontsulta gehiago ere egon diren arren, mugak ikusita, ez dute aurrera jarraitu.

2024ko apiriletik Zumaian indarrean dagoen araudi berriak etxebizitza turistikoena jarduera ekonomiko moduan arautzen du. Arauak muga zorrotzak jartzen ditu, helburu argi batekin: bizilagunen bizi baldintzak bermatzea, etxebizitzaren erabilera soziala lehenestea eta, etxebizitza turistikoen neurrigabeko hazkundeari ateak ixtea. Etxebizitza turistikoak lehenengo solairuan bakarrik egon daitezke –lehenengo solairuan ez badaude, sarrera independentea izan beharko dute–, eta betiere eraikin osoaren azaleraren kopuru bat gainditzen ez badute (%8 erdigune osoan, eta %12 Zumaiako gainontzeko lekuetan). Bestelako mugak ere jasotzen ditu arauak, esaterako bajoetan eta lokaletan ezin da jarduera hori gauzatu, eta ezta erroldatutako pertsonarik izan ere: ezin da ohiko bizilekua izan. Gutxieneko baldintzak ezartzen dira: 45m² erabilgarri, besteak beste

«Eraginkorra»

Etxebizitza turistikoen erregulazioa eta arauan jasotako mugak eraginkorrak izan direla uste du udal Gobernuak, eta Argi Yeregi hirigintza zinegotziak bi datu azpimarratu ditu. Batetik, prozesua abiatu zenean 56 etxebizitza turistiko zeuden herrian, eta horietatik 37k bakarrik eskatu dute haien egoera legeztatzeko; beraz, gaur egun 19 etxebizitza turistiko gutxiago daude herrian. Bigarrenik, muga berriak indarrean daudenetik, lizentzia eskaera bakarra egon dela; eta kontsulta gehiago ere egin dituzten arren, bakarrak baloratu du araua betetzeko aukera duela.

Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, araudiak aukera emango du «etxebizitzen erabilera soziala lehenesteko», eta etxebizitza turistiko kopuru «jasangarri» bat mantentzeko. Azken urteotan halako jarduerek izandako gorakada handia izan da: 2016an zazpi etxebizitza turistiko erregistratuta zeuden herrian. Alkatearen esanetan, bi aukera zeuden egoera horretan: «Etxebizitza turistikoak neurrigabe handitzen ikusten jarraitzea, geldi; edo, egoera ondo aztertu eta neurri eraginkorrak bilatzea». Bigarren aukera horren alde egin zuen udal Gobernuak eta, erregulazio mota hauen inguruan azken urteotan egondako gora beherak gaindituta (auzitegiek bertan behera utzi dituzte zenbait hirik onartutako araudiak), «asmatu» dute nola egin.

Udalak azaldu duenez, arauaren xedeetako bat da bizilagunen eguneroko bizitza kalitatea bermatzea, izan ere, etxebizitza turistikoak bezalako jarduerek eragina izaten dute bizilagunen atarietan. Zumaiako Udalak ezarritako arauaz gain, atarietan hartu daitezkeen bestelako neurriak ere egon badaude: jabeen komunitateek aukera dute beren eraikinean etxebizitza turistiko berriak ez ezartzeko erabakia hartzeko, baldin eta portaleko jabeen artean hala erabakitzen bada.

Neurri hau etorkizuneko baimen berriei soilik aplikatzen zaie, eta ez du atzeraeraginezko eraginik: hau da, dagoeneko baimenduta dauden etxebizitza turistikoek jarduten jarraitu ahal izango dute. Erabaki horiek jabetza horizontalaren araudian oinarritzen dira.

Etxebizitza politika integrala

Etxebizitza turistikoen jarduera arautzeko urratsa Zumaiako etxebizitza politika integralaren parte da. Etxebizitza hutsen mobilizazioa, alokairuaren sustapena eta etxebizitza babestuaren aldeko neurriak ere abian dira. Turismoaren garapena eta herritarren bizi baldintzak orekatzeko «ahalegin etengabean», Udalaren apustua argia da: «Herri bizigarria, herritarrentzat».