Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Chamonix-Zermatt zeharkaldian, errekor berria bi emakumezkorentzat

Joan den 4an, Clara Masserey eta Gaelle Perrier suitzarrek jarduera hori 23 ordu eta 36 minutuan biribildu zuten. Aurreko denbora onena ia hiru orduan ondu dute. Eskiatzaileek adierazi dute ez zirela errekorraren bila irten.

Perrier (ezkerra) eta Masserey Zermatteko helmugan; errekor berria ezarri eta gero.
Perrier (ezkerra) eta Masserey Zermatteko helmugan; errekor berria ezarri eta gero. (Clara MASSEREY)

Chamonix-Zermatt zeharkaldi entzutetsuak ehunka eskiatzaile erakartzen ditu urtero. Ia gehienen helburua bi herrien artean marrazten den mendiko ibilbide luze eta gogor hori amaitzea da. Eta ez da gutxirako; izan ere, 110 kilometro eta 8.200 metroko desnibela gainditu behar dira.

Alabaina, kirol gehienetan gertatzen den bezala, mendiko eskiko jardueretan ere, errekorrak espezialisten buruan kokatzen dira. Emakumezkoen artean, azken urteotan hainbat protagonista izan ditugu. Batez ere, bi: Valentine Fabre eta Hillary Gerardi. Duela lau urte, bikote horrek denbora bikaina sinatu zuten Chamonixen eta Zermatten artean: 26 ordu eta 21 minutu. Zeharkaldi horretan errekor berria ezarri zuten, baina, denbora hori hobetzeaz gain, bazegoen beste helburu arras interesgarri bat: zeharkaldia hogeita lau ordutik jaistea.

Bada, joan den 4an, izaera horretako erronketan ezezagunak diren bi eskiatzailek ohore hori lortu zuten. Clara Masserey eta Gaelle Perrier bihurtu dira protagonistak. Bi suitzarron marka eta errekor berria: 23 ordu eta 36 minutu.

Bi eskiatzaileok ondo ezagutzen dute elkar, eta aurreratu dute zeharkaldia aspalditik buruan zutela: «Mendiko eskiko Alpeetako zeharkaldi handi hori mendizaletasunaren historiarekin erabat lotuta dago. Gogo handiz geunden jarduera horretan lehen urratsa egiteko; amets horrekin harrapatuta geunden! Bikain prestatu ginen abentura hori bizitzeko. Eta onartu behar dugu emaitza zoragarria erdietsi dugula».

«Animatu»

Ohi den bezala, Chamonixeko eliza izan zen abiapuntua. Goizeko 5:30ean irten ziren. Aurretik egun luze bat zuten aurretik. Nahiz eta errekor berria lortu duten, suitzarrok onartu dute xede bakarra Zermattera ‘onik’ iristea zela: «Fabreren eta Gerardiren errekorra ezagutzen genuen, baina hasieran ez zen geure asmoa krono hori hobetzea. Baina une jakin batean ohartu ginen aukera genuela hogeita lau ordutik jaisteko. Sasoiko geunden, eta, gainera, esan behar dugu ibilbidean zehar hogeita hamar lagun zain genituela babes modura».

Oro har, ibilbide osoan ez zuten gorabehera handirik igaro. Massereyk, adibidez, gauez sabelarekin arazoren bat izan zuen. Jateko gogo gutxi zuen, baina motibazioak aurrera jarraitzeko indarra eman zion. Berez, hori izan zen eragozpen bakarra. Klimarekin eta ibilbidearen baldintzekin, berriz, ez ziren kexu. Izan ere, eguraldi bikaina egin zien. Ez hotzik, ez berorik, ez haizeterik… Hitz batean esanda, Chamonix-Zermatt zeharkaldi garbi-garbia atera zitzaien.

Arestian aipatu dugunez, protagonistok ez dira ezagunak; ezta profesionalak ere. Perrierek 37 urte ditu; Masserey, berriz, 24. Nahiz eta hamahiru urteko aldea duten, suitzarrok onartu dute harreman berezia dutela eta horrek eraman duela zeharkaldia biribiltzea: «Ez dugu zalantzarik: jarduera arrakastatsuaren giltza izan da. Oso lotuta gaude, eta horrek gure arteko emozioak biderkatzen ditu. Errekor berri horrekin ginga jarri diogu pastelari. Ez zen gure asmo nagusia, baizik eta emakumezkoak bultzatu eta animatu izaera horretako jarduerak egin ditzaten. Gizonezkoak maiz ikusten ditugu Chamonix-Zermatt zeharkaldian eta errekor berriak ezartzen. Baina gure presentzia ez da hain handia. Gure arrakastarekin inspiratu nahi ditugu, besteak beste, zeharkaldi historiko hori egitea zirraragarria delako. Gogorra da, baina era berean abentura itzela».