
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Eraberean sareak, arraza, etnia edo nazio jatorriak, sexu-orientazioak edo identitateak eta genero-identitateak eragindako diskriminazioari aurre egitea helburu duenak, hamar urte bete ditu aurten.
Sarea Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak eta zenbait gizarte erakundek osatzen dute. Erakundeok immigrazioaren, ijito herriaren eta LGTBI kolektiboen arloan lan egiten dute: Aldarte, Zehar Errefuxiatuekin, Gurutze Gorria, CITE-CC.OO Bizkaia, Errespetuz, Kale Dor Kayiko, Nevipen, Anitzak, Amuge, Bizigay, Agifugi, Gehitu eta SOS Arrazakeria.
Hamar urteko ibilbidea ospatzeko otsailean eginiko ekitaldian, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburuak adierazi zuenez, «plazera izaten da urteak bete eta markatutako mugarriak pausoz pauso betetzen direla ikustea. Bere momentuan zaila egiten zaiguna gainditzea bezalakorik ez da, eta desirak egia betetzea bezalako sentsaziorik ez omen dago».
Sareak bildutako azken datuak 2023koak dira eta, horien arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 65 pertsonari arreta eskaini zitzaien eta kasu guztien %95ean bazterkeria zantzuak antzeman ziren. Arreta jaso zutenen artean, gehienak, 31 urtetik 40 urtera bitartekoak ziren (%35,48), bigarren lekuan 18 urte eta 30 urte bitartekoak (%32,26) eta azkenik, 41 urte eta 50 urte bitartekoak.
Eraberean sarera gerturatu zirenen %70ek 18 urte eta 40 urte bitarteko adina zuten. Arreta jasotakoen artean %54,8 emakumeak izan ziren eta %41,9 gizonak. %1,6 ez binarioak eta %1,6 intersexualak.
Bazterkeria kasu gehienak (%57) eremu pribatuan izan ziren eta datu horrek aldaketa bat islatzen du, 2022an kasu gehienak eremu publikoan izan zirelako. Eremu pribatuari dagokionez, bazterkeria kasu gehienak etxebizitzarekin edo finantza erakundeekin lotutakoak izan ziren. Arlo publikoan, ordea, osasun eta lan arloak nagusitzen dira.
«Asko izan dira tratu berdintasunean eta bazterkeria ezan emandako aurrerapausoak, baina adi jarraitu beharra dago. Gero eta ohikoagoa da ehundaka kilometrora ultraeskuineko talde politikoen purrustadak entzutea eta lege batzuen berrikusketen lekuko izatea», esan zuen Txema Ezkerrak, Eusko Jaurlaritzako Belaunaldiarteko, Aniztasun, Bizikidetza eta Elkartasunaren zuzendariak.
Eraberean sareak esku artean dituen datuetatik eta esku-hartzeetatik ondorioztatu duenez, komertzioetan eta aisialdi guneetan gertatzen den diskriminazioa lokaletako harrera eskubidea ulertzeko modu desegokian oinarritzen da. Establezimendu batzuen aldetik helburu baztertzaile batekin egiten da.
LGTBI kolektiboaren aurkako bazterkeria kasuei dagokienez, gertakari gehienak mutil gazteei begirakoak dira eta jai eremuetan izaten dira gaueko ordutegian. «Kasu hauek, zoritxarrez, errepikakorrak izaten dira», adierazi du sareak.
Bazterkeria kasuak saihesteko helburuz, prebentzio eta sentsibilizazio lana egiten da maila guztietan. Azken urteetan tratu-berdintasun eta bazterkeria ezerako lege berri bat sortzeko gogoetak eragin eta proposamen teknikoak bideratu ditu. Modu berean hiri batzuetako jai eremuetako protokoloen eguneratzean lagundu du; helburua, diskriminazioa kaleetatik desagerraraztea da.

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

