NAIZ

Estudiantesek lehen kolpea eman dio Gipuzkoa Basketi ACBra igotzeko play-offetan (83-71)

Donostiarrek porrota jaso dute ostiral honetan, Madrilen, play-offetako lehen partidan. Igandean berriro ikusiko dute elkar toki berean, Movistar Arenan.

Gipuzkoa Basketek kanporaketa bizirik mantendu nahi du Illunbera iritsi aurretik.
Gipuzkoa Basketek kanporaketa bizirik mantendu nahi du Illunbera iritsi aurretik. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoa Basketek ez du ondo hasi ACB Ligara igotzeko play offa. Kantxa faktorea kontra dute donostiarrek eta ezin izan dute sorpresa eman kanporaketa honetako lehen partidan, 83-71 galdu baitute Madrilgo Movistar Arenan igotzeko faborito argi bat den Estudiantesen aurka.

Kanporaketa hauetan berdin dio emaitzaren aldea, baina alde positiboa bilatuta, hori azken laurdena izan daiteke. Gipuzkoarrak atzetik joan dira partida osoan zehar, lehenengo hiru laurdenak galduz (23-18, 18-11 eta 22-16); baina laugarrengoan 20-26ko partzial batekin irabazi dute. Noski, ez da nahikoa izan garaipena eskuratzeko, baina jokalariek ondo balia dezakete bertan egindako lana hurrengo lehiarako.

Daishon Smith izan da Gipuzkoa Basketeko saskiratzaile onena, 17 punturekin. Ander Martinez de la Ordenek 11 puntu eskuratu ditu eta Mateo Diazek beste hamar.

Bigarrengo partida igande honetan jokatuko da Movistar Arenan. Ondoren, kanporaketa Donostiako Illunbera joango da, hilaren 23an eta 25ean, hurrengo ostiral eta igandean hain zuzen ere. Bosgarren partida bat beharko balitz, hau Madrilen izango litzateke berriro ere. Irabazleak Final Four-a izango du sari.

Gipuzkoa Basketek fase erregularreko azken partidan lortu zuen pla-offetarako sailkapena Ligan behetik goranzko norabidea jarraituz. Illunbeko pistan aurkari zuzena zen Ourenseri 87-78 irabazi zion hilaren 9an, eta horrek eman zion play-offetarako txartela.