
Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atxilotu zuen ostegun goizean Irunen, bertako kirol instalazio batzuetako gizonezkoen aldageletan bere telefono mugikorrarekin gutxienez beste sei gizon grabatzeagatik, dutxatzen edo aldatzen ari zirela, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ikerketa iragan otsailean hasi zen, Irungo kiroldegi bateko erabiltzaile batek Ertzaintzaren komisaldegian salaketa jarri ostean. Gizonezkoen aldageletan dutxatzen ari zela, hormaren goiko aldetik norbait telefono mugikor batekin grabatzen ari zitzaiola konturatu zen. Gailu mugikorra zeraman pertsonak, ikusi egin zuela jabetu zenean, berehala alde egin zuen biktimak ikusi gabe, nahiz eta azken hau dutxatik atera zen egoera argitzeko.
Irungo Ertzain-etxetik zegokion ikerketa hasi zuten gertatutakoa argitzen saiatzeko. Egindako ikerketaren ondorioz, kasuaz arduratu ziren poliziek ustez inplikatuta zegoen Irungo bizilagun bat identifikatu zuten. Gizonaren telefono mugikorra aztertu zutenean, kiroldegi bereko grabazio gehiago zeudela ikusi ahal izan zuten, guztiak modu berean eginak, hau da, telefono mugikorraren kamera gizonak dutxatzen eta aldatzen ari ziren aldageletako banaketa hormen gainetik ageri zela.
Guztira beste bost biktima daudela egiaztatu du Ertzaintzak, identifikatu dira eta dagozkion salaketak jarri dituzte, Segurtasun Sailaren arabera.
Ostegun goizean, grabazioak egin zituen gizona atxilotu zuten, eta bere etxean sartu eta miaketa egin zutenean beste hainbat ebidentzia aztertu zituzten gailu informatikoetan. Ertzaintzak delitua ikertzen jarraitzen du, biktima gehiago egon daitezkeelakoan. Atxilotua epaitegira eraman dute.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
