NAIZ

Gure Zirkua saritu du Gipuzkoako Aldundiak, euskara «dibertimenduaren bidez» bultzatzeagatik

Gipuzkoako Aldundiak banatzen duen Abadia Saria Gure Zirkuak jasoko du aurten, «aisia eta dibertimenduaren bidez» euskarari egiten dion «ekarpen berritzaileagatik».

Gure Zirkuko zenbait arduradun, 2022. urteko denboraldia aurkezten.
Gure Zirkuko zenbait arduradun, 2022. urteko denboraldia aurkezten. (Jaizki Fontaneda | Foku)

«Euskararen normalizazioa, kulturaren deszentralizazioa, familia arteko aisialdia eta bertako talentuaren sustapena uztartzen ditu modu berritzaile eta atseginean». Hitz hauekin jakinarazi du Gipuzkoako Aldundiak aurtengo Abadia Saria Gure Zirkuari eman diola.

Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak nabarmendu duenez, «euskal hizkuntzaz eta euskaraz sortutako kulturgintzaz gozatzeko parada eskaintzen die» Gure Zirkuak haur, gazte zein helduei. «Modu eredugarrian elkartasuna, sormena eta inklusioa» landu izana ere kontuan izan du.

«Euskarazko zirku bakarra izanik, haurren garapena, komunitatearen kohesioa eta euskal kulturaren aniztasuna bultzatu ohi ditu. Gainera, sentipen, umore eta emozioz betetako ikuskizunen bitartez, herritarrak elkartu eta ondo pasatzeko plaza berria eskaini dio euskarari eta euskaldunon komunitateari», erantsi du Garbiñe Mendizabalek.

2017an sortu zuten Gure Zirkua, Euskal Herrian sorturiko zirku ibiltaria, bertako langile eta artistek egiten dutena eta euskalduna. Geroztik, pixkanaka pixkanaka eta herriz herri, ibilbide esanguratsua ari dira pilatzen euskararen herri osoan zehar, zirkuan parte hartzen duten artisten sormen lan ederrari esker, Aldundiak txalotu duenez. [Abiatu zeneko erreportajea hemen, Maider Iantzik GAUR8n argitaratua].

Aurtengo edizioa berezia izango da gainera, 25. Abadia Saria izango baita hau. Aldundiak gogora ekarri duenez, 1996an martxan jarri zenetik «euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna» saritu du. Mugarri horrekin bat eginez,rakundeak errekonozimendu horren garrantzia instituzionala areagotzeko erabakia hartu du, saria bera eguneratzeko oinarriak jarriz eta aitortzari oihartzun handiagoa eskainiz.

Beste zenbait ekimen

Gauzak honela, programazio eta ekintza bereziak egingo ditu aurten Aldundiak, «euskaltzale eta, oro har, herritar guztiok euskararen inguruan topo egin eta euskararen aldeko elkarlanean aurrera egin dezagun». Hasteko, hilaren 31an, Hendaiako Abadia jauregian kontzertua eskainiko du Ruper Ordorikak, iaz Abadia Saria jaso ostean. Formatu txikiko kontzertu irekia izango da, baina beharrezkoa izango da aurretiaz gonbidapenak lortzea, iragarri duenez. Horretarako, astearte honetatik aurrera izena eman ahalko da gipuzkoa.eus/abadiasaria atarian.

Ekainaren 2an, berriz, Anton Abadiaren bizitza ibilbidea eta ekarpena gertuagotik ezagutzeko parada eskainiko dute Harkaitz Canok eta Badalab Hizkuntza Laborategiko zuzendari Goiatz Oiartzabalek, Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean grabatuko duten bideo-podcast saioan.

Aldi berean, Abadiaren biografiaren berrargitalpena eta itzulpena aurkeztuko du Aldundiak, Elkar argitaletxearekin eta Euskal Hiri Elkargoarekin lankidetzan. Iñigo Sagarzazuk 1997an Anton Abadiaren inguruan argitaratutako Abbadie biografia euskarara eta frantsesera ere ekarri dute, aurretik gaztelaniaz soilik aurkitu zitekeen eta.

Iparraldeko Plazara kolektiboak, berriz, Anton Abadiari buruzko Escape-room erronka sortuko du eta Abadia jauregian bertan martxan jarriko du egun batez, Anton Abadia ezagutzeko aukera entretenigarri bat sortuz. Azkenik, Abadia Saria emateko ekitaldia ekainaren 19an egingo da Eibarren.