NAIZ

Onditz Iturbek eta Aitor Ugartek irabazi dute Kilometro Bertikaleko Euskal Herriko Txapelketa

Txindokiko lasterketak jaso du Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek antolatutako hitzordu nagusia. Galizan, berriz, Leire Fernandezek irabazi du Lineako Espainiako Txapelketa.

Kilometro Bertikaleko Euskal Herriko Txapelketako seinorren podiumak.
Kilometro Bertikaleko Euskal Herriko Txapelketako seinorren podiumak. (EMF)

Joan den asteburuan, etxean zein kanpoan, mendi lasterketen denboraldiak bi hitzordu ofizial izan ditu. Etxekoarekin hasteko, Txindokiko Kilometro Bertikala aipatuko dugu; izan ere, Euskal Herriko Txapelketarako zein Koparako baliagarria izan zen.

Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioen hitzordu nagusi horretan 230 korrikalarik parte hartu zuten. 3,6 kilometro eta 980 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidean norgehiagoka oso estuak bizi izan ziren. Eguraldiak ez zuen arazorik eragin. Tenperatura atsegina izan zen, eta ez zuen eririk egin. Lainoa sartuta bazegoen ere, Txindokiko gailurrean zeru urdinak nagusitu ziren.

Nesken mailari dagokionez, Onditz Iturbek erakustaldia eskaini zuen. Hots, lasterketa osoa menderatu zuen. Igorreko lasterkariak 44 minutu eta 13 segundoko denbora markatu zuen. Bigarren sailkatuari, Leire Elolari, lau minutuko aldea atera zion. Claudia Sarrate katalana hirugarrena izan zen, eta Larraitz Aragon laugarrena. Durangarra, hortaz, euskal podiumaren hirugarren kutxara igo zen.

Mutilen kategorian, berriz, lehen sailkatuen artean oso alde txikiak izan ziren. Oso sasoiko dagoen Aitor Ugarte lehena izan zen Txindokiko tontorrean 35 minutu eta 4 segundoko kronoarekin. Aramaioko korrikalariak hamalau segundo atera zizkion bigarren sailkatuari: Ibai Larreari. Nesken mailan bezala, katalan batek hirugarren postua sinatu zuen: Iu Netek. Eta Oier Zubeldia laugarren postuarekin egin zen; hirugarrena euskal txapelketan.

Alazne Lozano eta Peio Ziarsolo nagusitu ziren gazteen mailan, eta, juniorretan, June Oar-Arteta eta Markel Iragorri. Taldekako sailkapenean, azkenik, Soronea-Ammmak irabazi zuen nesken zein mutilen kategorietan.

Leire Fernandez, nagusi

Euskal Herritik Galizara egingo dugu jauzi; izan ere, La Chandrexa Trail lasterketak Lineako Espainiako Txapelketa jaso zuen. Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) antolatutako hitzordu ofizial horretan euskal lasterkari batek protagonismoa izan zuen: Leire Fernandezek. Lasai asko esan daiteke gipuzkoarrak ez zuela arazorik izan 35 kilometro eta 2.300 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidean garaipena lortzeko.

Gipuzkoarrak lau minutuko aldea atera zion Ana Maria Grandari. Ainhoa Garikano bederatzigarren postuan sailkatu zen, eta Itxaro Zabaleta hamargarrenean. Euskal ordezkari hauek lortutako puntuei esker, Euskal Mendizale Federazioaren selekzioak brontzea lortu zuen.

Bestalde, Jaime Romok irabazi zuen gizonezkoen lasterketa 3:28:06 denborarekin. Lehen euskal korrikalaria Aitor Blanco izan zen. Hamaikagarren postua sinatu zuen nafarrak; irabazlearengandik hamar minutura helmugaratu zen.