NAIZ

67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen, istripu ez traumatikoan

Transdipe S.L. enpresako garraiolari bat hil zen astelehen honetan lanerako prestatzen ari zenean, istripu ez traumatikoan, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Bederatzi garraiolari zendu dira Euskal Herrian 2025ean.

2023an bi garraiolariren heriotza salatzeko egindako elkarretaratzea.
2023an bi garraiolariren heriotza salatzeko egindako elkarretaratzea. (Raul BOGAJO | FOKU)

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, joan den astelehen, 06.30ean, Transdipe S.L. enpresako garraiolari bat hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta, zantzu guztien arabera, «heriotza ez traumatiko baten aurrean gaudela» nabarmendu du sindikatuak.

«Garraio sektorearen prekarizazio maila handituz doa etengabe. Adibide gogorra da maiatzaren 19ko heriotza, S.S. langileak datorren hilean 67 urte beteko bailituzke. Ez da onargarria adin horrekin lanean jarraitu behar izatea, are gehiago honelako jarduera arriskutsu batean. Administrazioak sektoreko prekarizazio joera bortitzari mugak ipini behar dizkio, erretiro adina jaistetik hasita», salatu du LABek heriotza honen inguruan.

Bestalde, azken aldian LABek azpimarratzen duen bezala, «ez da kasualitatea sektore honetan heriotza ez traumatikoen presentzia altuagoa izatea, honen atzean estresa, lan karga, erritmoak, eta finean, bizitza osasuntsua eramateko zailtasunak bezalako kausak baitaude». Zentzu honetan, sindikatuak uste du «hauek prebenitzeko neurriak hartu behar direla, eta gobernuek dute horren giltza».

Bitartean, «Osalan bezalako erakundeek plan antzuak egiten dituzte, eraginkorra izango den neurri bakar bat ere eskaini gabe. Iritsi da garaia politika hauek iraultzeko», azpimarratu du.

LABek dei egin du lan osasuneko intersindikaletik heriotza honen aurrean antolatuko den mobilizazioan parte hartzera. Azken honekin, gutxienez 20 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian, hauetariko bederatzi garraiolariak.