
Richard Carapazek 2019ko Giroa eraman zuen eta Tourrean zein Vueltan ere podiuma zapaltzea zer den badaki. Horrez gain, Tokioko Olinpiar Jokoetan urrezko domina eskuratu zuen. Sekulako meritua dauka Education First taldeko ekuadortarrak, izan ere ia sekula ez baita tropeleko txirrindulari indartsuena izan. Baina Lizarte taldean zaildutako txirrindulariak lasterketa inork baino hobeto daki irakurtzen eta hala erakutsi du ere 2025eko Giroko hamaikagarren etapan ere: Pietra di Bisantuva es da mendate gogorregia, baina noiz erasoa jo bikain asmatu du, hain zuzen ere Pello Bilbao, Wout Poels, Nairo Quintana eta Luke Plapp eta Lorenzo Fortunato osatu duten ihesaldia harrapatzeaz bat jo baitu aurrera. Behin ihes egin ostean, Castelnovo Ne' Montiko helmugan ikusi dute ondoren.
Tropeleko buruek ahalegina egin dute Carapaz harrapatu nahian, Isaac Del Toro liderra bera buru dela, baina aurreneko mugimenduekin ez dute harrapatu eta ostean Education First taldeko aztiari mugitzeko tartea eman diote. Latz sufritu behar izan du, egia esanda, Carapazek etapa bereganatuko bazuen, baina sufritzen badakiela erakutsi du beste behin eta bere palmareseko laugarren Giroko etapa eskuratu du.
«Hanka onak izan ditut eta etapa arin joan delako jendea ondoegi ez zihoala konturatu naiz. Orduan ihesaldikoak harrapatutakoan jotzen saiatu naiz eta eustea lortu dut», azaldu du laburrean Carapazek.
Sailkapen nagusian ere gorantz egin du ekuadortarrak, seigarren postuan kokatu baita. Alabaina, eguneko garailerik handienetakoa Isaac Del Toro liderra bera izan da. Mexikarrak «maglia arrosaren» presioa ondo jasan du, Alpe di San Pellegrino eguneko mendaterik gogorrenean bikain erantzun die Egan Bernalen erasoei eta azken mendatean burua erakusteaz gain, sailkapen nagusiko hautagaien arteko esprintean ere buruan helmugaratu da, sei segundoko gainsaria eskuratuz.
Adarrak hautsi beharrean
Lorenzo Fortunato eta Wout Poels (Astana), Luke Plapp (Jayco), Nairo Quintana (Movistar) eta Pello Bilbaok (Bahrain) osatu dute eguneko ihesaldia, Alpe di San Pelegrinno gogorraren ostean egonkortu dena. Sekulako mailako ihesaldia, eta ahala ere, arrakastarik ez. Ordura arte, ihesaldia eratu arte txirrindulariek ez dute bakerik izan eta, hala, aurreneko ordubetean 53 kilometro pasa! egin ditu tropelak, eta aldapa gogor askoa behar izan badute ere –14 kilometro inguru batez beste %9ko pendizarekin– San Pellegrino beldurgarriarekin, batez bestekoa 40 kilometrotik gora mantendu da luzaroan.
Unetxo batez Egan Bernal bera mugitu da, baina suziri soila izan da Ineos taldeko kolonbiarraren mugimendua. Nolanahi, Isaac Del Toro eta Juan Ayuso ongi erantzun badiote ere, gainontzekoek komeriak izan dituzte hasiera baten, baita Primoz Roglicek berak ere, nahiz eta azkenean eraso horrek ez duen jarraitutasunik izan.
Nolanahi, behin ihesaldia osatuta ere, bost protagonistek, maila handia izanda ere, ez dute lasaitasunik aurkitu. UAEren lanagatik libre izan dira, baina Lidl Trek eta Q36 taldeen lanak aldeak asko murriztu ditu etaparen amaiera aldera begira, bereziki Pietra di Bisantuva azken mendatea igotzeko orduan.
«Atzetik sailkapen nagusikoek ez digute alderik ateratzen laga eta gu ere aurrean jolasean aritu gara, ez dugulako dena ematerik nahi izan», onartu du Pello Bilbao berak Castelnovo Ne' Montiko helmugan.
Pietra di Bisantuva bigarren mailako mendatea eta labur xamarra izanagatik, tropelaren joak eta etaparen beraren erritmo biziak ez dio bakerik eman boskote nagusiari. Bereziki Mads Pedersenen lanak ihesaldiari zaputzaldi galanta eman dio, «maglia ciclaminoaren» jabeak Giroaren hasieran hiru etapa garaipen lortu zituen eta lidergoaz ere gozatu zuen, baina behin talde-lana egitea egokitu zaionean, ez du muturrik okertu.
Akaso okertu dute ihesaldiko bost txirrindulariek azken mendatea minutu bat baino gutxiagoko aldeaz hasi beharragatik. Pello Bilbao eta Wout Poelsek erritmo aldaketa pare bat egin dituzte, baina tropela berehalako baten gainera etorri zaie eta hamar kilometro eskasera amaitu da haien abentura.
Richard Carapaz 2019ko Giroko garaileak itzali du ihesaldikoen sua. Education First taldeko ekuadortarrak egindako mugimenduaren ostean, Isaac Del Toro liderra bera abiatu da eta tropela horrek mugitu du. Atzetik, berriz, Roglic eta Ayusoren arteko nerbio gatazka, gainontzeko lider guztiak mugitu arte ez baitira mugitu. Azkenean, denak artaldean bilduta... Richard Carapaz izan ezik.
Tropela bilduta, Carapazek aldetxoari eutsi dio eta faboritoen markaketa baliatuz, aldetxo hori nabarmenago egitea lortu du, mendate gailurra eta helmugara bideko goi-lautadan. Sufritzea tokatu zaio ekuadortarrari, UAEk atzetik talde-lan bikaina egin baitu Isaac Del Toro eta Ayusoren alde. Nolanahi, Carapazek eutsi dio abantailari eta agian indartsuena izan ez bada ere, aztiena izan delako lortu du garaipena.
Teorian osteguneko etapak ez du zailtasunik izango: 172 kilometro Modena eta Viadana artean. Bidean hirugarren mailako bi mendate izango dituzte txirrindulariek, baina helmugatik oso urruti. Teorian behintzat, esprintean erabaki beharko litzateke.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

