
Hiru langile hil dira azken 24 orduotan Euskal Herrian. Astelehenean jakin zen Calahorrako bizilagun bat hil zela Andosillan, lanean izan zuen istripu baten ondorioz. Astearte honetan ezagutarazi du LABek egun berean beste langile bat zendu zela Atxondon, Abiadura Handiko Trenaren lanetan. Eta hirugarren zorigaiztoko albiste bat batu zaio aurrekoari: langile bat hil da astearte honetan eguerdian Tubos Reunidos lantegian, Amurrion, teilatu batetik erori denean.
Azken heriotza honi dagokionez, Ertzaintzak 12.40ak aldera jaso du abisua eta Osalaneko langileak eta komisio judiziala bertaratu dira. Sindikatuek jakitera eman dutenez, azpikontratatutako Pavimprot Trapagarango enpresakoa zen langile hau teilatu horretan lanean ari zen, handik erori denean. Ertzaintzak heriotza erorketaren ondorioz gertatu dela baieztatu du.
Hildakoa Luciano Arevalillo Gonzalez da, Abanto futbol klubak baieztatu duenez, talde honen bigarren entrenatzailea zelako. ‘Txano’ ezizenaz ezagunagoa, Bizkaiko futbol lehiaketan aski ezaguna zen.
‘Aiaraldea’ komunikabideak jakinarazi duenez, ezbeharraren aurrean, Tubos Reunidoseko langile batzordeak ekoizpena etetea eskatu dio enpresaren zuzendaritzari. Lanuztea «modu kontrolatu eta seguruan» egitea nahi dute, asteazkeneko 14.00ak arte. Asteazkenean ere elkarretaratzea egingo dute 9.00etan enpresako bulegoen aurrean, hildako lankideari «elkartasuna eta errespetua» adierazteko asmoz.
Abiadura Handiko lanetan 13. hildakoa gutxienez
Lan istripuen odolustea Abiadura Handiko Trenaren egitasmoak eragin du berriz, bestalde. LABek astearte honetan jakinarazi duenez, A.H.G. hizkiekin identifikatutako 49 urteko langilea zendu zen astelehenean, Atxondon. Horren berri ez zen astelehenean ofizialki eman. Gaur Segurtasun Sailak baieztatu duenez, istripu bat izan zen San Pedro auzoan eta gizona Galdakako erietxera eraman zuten.
Sindikatuak zehaztu duenez, pieza handi bat erori zitzaion gainera gazteari eta hilik suertatu zen. Azpikontratatutako enpresa batean ari zen, Conprovial izenekoa.
Gutxienez hamahiru lagun hil dira jada Abiadura Handiko Trenaren makroproiektuan. 2018. urterako jada bederatzi ziren ezagutzera emandakoak. Espainiar Gobernuak gero onartu zuenez, ez zuen kopuru zehatzaren inguruko berririk.
Pasa den otsailean manifestazioa egin zuten Iruñean, AHTren egitasmoari lotutako prekarietatea eta lan aldetiko arriskuak salatzeko. Hamalau kolektibok deitu zuten, zenbait langileren lekukotasun gordinak jakin ostean.
Azken hiru hildako hauekin, aurten Euskal Herrian 23 pertsona hil dira lanean ari zirela, LABen datuen arabera.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

