
Ostiral honetan amaitu da Ikergazte kongresuaren seigarren edizioa sari-banaketa ekitaldiarekin, Bilbon. Elena Casirain, Idoia Landa Reza, Alexander Mirandona-Olaeta, Ane Amundarain eta Jaione Bengoetxea izan dira saridunak. 300 euro, aldizkari zientifiko baten harpidetza eta bertan idazteko aukera irabazi dituzte.
Zehazki, Giza Zientziak eta Artean Elena Casiriain izan da sariduna, ‘Mugalur proiektua: mugaldeetako bizipenak eta mugaren iruditegiak Euskal Herrian’ lanarekin. Gizarte Zientziak eta Zuzenbidean, berriz Idoia Landa Rezaren ‘Borondate digitala’. Zientziak eta Natura Zientziak arloan, Alexander Mirandona-Olaetak eraman du saria ‘Elektrolito solido hibrido berriak: sare metal-organiko eta likido ionikoen konbinazioa litio eta sodio baterientzat’ lanagatik. Osasun Zientzietan, Ane Amundarainek irabazi du ‘Aptameroak Mieloma Anizkoitzaren aurkako RNA-n oinarritutako terapien garapenerako’ lana egiteagatik. Azkenik, Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloan ‘Euskara eta gaztelaniazko kontra-narratiben sorkuntza: datuen sorrera eta ebaluazioa’ ikerketagatik Jaione Bengoetxea saritu dute.
Ekitaldian Udalbiltzako lehendakariak, Haritz Alberdi Arrillagak, ere parte hartu du eta Naia Begiristain Etxezarretak irabazi du Euskal Herriko garapenean eragin handiena duen ikerketa saria, 300 eurokoa ‘Dialogoko hirugarren subjektua: herri politikak ko-sortzeko prozesuak demokratizatzeko marko kontzeptuala’ artikuluagatik.
Mikroaurkezpen onenak ere saritu ditu UEUk: Nora Santos-Loyolaren ‘Belvís de Monroy granito-pegmatita sistemaren karakterizazioa eta zeresana Mazizo Iberiarreko elementu arraroen esplorazioan’ eta Izaro Solozabal Azcarateren ‘Burdinazko nanoimanak: konfigurazio magnetikoa eta biomedikuntza-aplikazioetarako potentziala’.
Ekitaldian 250 ikertzaile gazte eta ez hain gazte bildu dira, eta hauetatik beraien ikerketa ibilbidearen hasieran dauden 151 ikertzailek beraien lanak aurkeztu, elkarren berri izan eta hainbat tailerretan lan egin dute. Komunikazio hauek argitaratu egin dira, gainera, «euskarazko produkzio zientifikoari bultzada adierazgarria emanez», azaldu dute Ikergaztetik.
Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria pozik dago edizio honek eman duenarekin: «UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da bere hasieratik euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikertzaileak hain sakabanatuta egonda».

«NAIZek euskal kulturgileak ukatu»?, NAIZen erantzuna

Cerdán dimite de sus cargos tras hablar el Supremo de «consistentes indicios» de comisiones

EH Bildu pide prudencia y que se «investigue hasta el final» la adjudicación de Belate

Fermin Muguruzaren Anoetako kontzerturako jakin beharreko guztia
