
Donostiako 48 eragilek bat egin dute Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformak ekainaren 15erako deitutako manifestazioarekin. Gainera manifestu bateratu bat adostu dute turistifikazioaren aurka.
Bertan azaldu dutenez, «turismoaren industria kontroletik kanpo dago eta mundu osoan lurraldeak, biztanleen bizitzak eta planeta neurri gabe ustiatzen eta hondatzen jarraitzen du. Gizateriaren ondare komun den elementu natural eta kultural oro pribatizatu eta salgai bihurtzeko hondatzeraino eraldatzen ari da».
«Hiriaren turistifikazioa era beldurgarrian azeleratu da azken urteetan eta hiri-eredu zehatz honek bizilagunengan dituen eragin kaltegarriak gero eta larriagoak eta nabarmenagoak bihurtu dira», gaineratu dute, eta turistifikazioak «sufritzen dugun etxebizitza larrialdian» eragin zuzena duela adierazi dute.
Diotenez, «pisu turistikoen ugaritzeak, bigarren etxeen kopuruaren gorakadak eta denboraldiko kontratuen bidez etxeak turismo-alokairura bideratzeak bizileku-aukerak murriztu dituzte, eta horrek prezioak igoarazi ditu. Herritar askok beren auzoak utzi behar izan dituzte. Eta erakunde publikoen jarduna, askotan, turismo industriaren eta higiezin espekulatzaileen interesek gidatu dute».
«Irtenbide bakar gisa eraikuntza berriak aurkezten ari dira, baina babes publikoko etxebizitzak gutxieneko legaletara mugatzen dituzte, eraikitzaileen negozioa lehenesten da eta herritarren beharrak horien menpe jarri», azpimarratu dute egoera horri aurre egiteko, alokairuen erregulazioa ezartzea ezinbestekoa dela ohartaraziz.
«Horrez gain, pisu turistikoen desagerpenerantz jo behar da eta bigarren etxebizitzen erabilera mugatzeko politika eraginkorrak behar dira. Hiriaren bizigarritasuna bermatu nahi bada, etxebizitza merkantzia izatetik eskubide izatera igaro behar da, politika publiko ausartak eta interes orokorra lehenesten duten erabakiak hartuta», nabarmendu dute.
Eta, salatu dutenez, «Donostiaren inguruneak, mendiak, hondartzak eta itsasertza, gero eta gehiago jartzen dira arriskuan hiri-eredu jasangaitzaren ondorioz». Gainera, turistifikazioak «hiri-espazioaren konfigurazioa bera ere» aldatzen ari duela diote, «kaleak eta plazak kontsumoaren logikaren arabera eraldatu».
Izan ere, «turistifikazio prozesuan ez da soilik gure hiria fisikoki eraldatzen; gure izaera kolektiboan, hizkuntzan eta kulturan ere eragin bortitza du»; eta «turistifikatutako hirian areagotu egin dira bazterkeria eta desoreka ekonomikoak, eta horien atzean dagoen egiturazko indarkeria ezkutatu egiten da».
Hala, «gaur egungo hiri-ereduak sortzen dituen kalteak ikusita, ezinbestekoa da desazkunde turistikoa helburu komun gisa planteatzea». «Turismoari baliabide eta espazio gehiago eskaintzea ez da bideragarria, ez ekologikoki, ez sozialki, ez ekonomikoki. Turistak erakartzea ez da helburu kolektibo desiragarri bat donostiarron gehiengoaren interesetatik begiratuta. Herritarren bizi-baldintzak lehenetsi behar dira, eta horrek eskatzen du turismoari muga erreal eta zorrotzak ezartzea».
«Horregatik dei egiten diegu Donostiako bizilagunei antolatzeko eta hiri-eredu bizigarriaren aldeko borrokari eusteko; helburuak eta bideak merezi du». Ekainaren 15eko manifestazioa, eguerdiko 12.00etan Kontxako erlojuetatik abiatuko da.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
