NAIZ

Eskubaloiko gizonezkoen euskal selekzioak hitzordu bikoitza du asteburuan Finlandiaren aurka

Larunbatean Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatuko dute eguerdiko 13.00etan aurreneko dema eta igandean, berriz, 16.30etik aurrera, Andoaingo Allurralde kiroldegian osatuko dute asteburuko egutegia. Neurketak ikusteko sarrerak doan jarri dituzte.

Euskal eskubaloi selekzioak hitzordu bikoitza izango du asteburuan.
Euskal eskubaloi selekzioak hitzordu bikoitza izango du asteburuan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nahiz eta Irunen eskubaloiko Kopa jokatzen ari den eta, esaterako, Bidasoa-Irun taldeko euskal jokalaririk ezingo den bertan izan, gizonezkoen eskubaloiko Euskal Selekzioak ez dio ukorik egin asteburu honetan hitzordu bikoitza izateko. Bai zapatuan zein igandean Finlandiako selekzioaren aurka arituko dira Asier Abad eta Eneko Tena hautatzaileek zuzenduriko mutilak.

Zarautzen eta Andoainen izango dira aipatu neurketak. Aritzbatalde kiroldegiak larunbat eguerdiko 13.00etan hartuko du aurreneko norgehiagoka eta, aldiz, Andoaingo Allurralde kiroldegian 16.30ean hasita hasiko da selekzio bi hauen arteko bigarren eta azken hitzordua.

«Finlandia aurkari gogorra izango dela espero dugu», dio Eneko Tena hautatzaileak. «Normalean fisikoki oso talde indartsuak izaten dituzte eta beti izaten dute gainera jokalari azkarren bat kontraerasoan min ematen duena. Badakigu, gutxi gorabehera, zer-nolako jokalariak dituzten eta guk, berriz, dauzkagun horiekin, modu batera edo bestera aurre egin beharko diegu», adierazi du.

Euskadiko Eskubaloi Federazioaren bitartez aditzera eman dute, bestalde, neurketa hauek ikustera joatea nahi duenak sarrera debalde izango duela gehienezko ikusle kopurua kopurua bete arte. Hargatik «Euskadiko eskubaloiaren familia osoa eta zaleak gonbidatzen» ditu Federazioak «gure selekzioa nazioarteko erronka berri honetan laguntzera eta animatzera».