Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Kazakhstango tradizioaren isla

BAURYNA SALU
Kazakhstan, 2023. 106’. Zuzen eta gidoia: Askhat Kuchencherekov. Aktoreak: Yersultan Yermanov, Bigaisha Salkynova, Aydos Ayesbaev, Dinara Shymyrbaeva, Janbyrbay Baidilbayev, Kairat Baisalbayev. Musika: Murat Makhan. Argaz.: Zhanrbek Yeleubek.

‘Bauryna salu’ filmeko eszena bat.
‘Bauryna salu’ filmeko eszena bat. (Ashkat Film)

Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean aurkeztutako opera prima honetan, landatartasuna eta emozioa elkartuko dira Kazakhstango eskualde tradizionaletako bizimoduaren erretratu aberasgarria eskaintzeko.

‘Bauryna salu’ izeneko antzinako tradizio nomada bati jarraituz, Yersultan izeneko haurra, jaiotzean, amonari entregatu zioten, hark haz zezan. Gurasoengandik urrun hazi ondoren, 12 urte inguru dituela amona hil egiten da eta ia ezagutzen ez duen familiarekin itzuli beharko du erresuminez. Helduarora igarotzen ari dela, eraldaketa jasanezin bat biziko du gazteak, gurasoekiko –bereziki aitarekiko– harremana konpontzen saiatzen den bitartean. 

Askhat Kuchencherekov zuzendariaren bizitzan oinarritutako obra bat da, eta antzinako nomaden tradizio bati buruz hitz egiten du. Hala ere, tradizio hau oso ohikoa da eta, zuzendariaren arabera, «nazioaren identitatearen ikurra da». Tradizio horren arabera, familiek aiton-amonei ematen diete beren seme zaharrena jaio eta berehala edo urtebete betetzean, hazi dezaten.

Donostia Zinemaldian aurkeztu zuenean «oso gustura nago eta ohore bat da niretzat nire herrialdea Donostian ordezkatzea. Herriak beren hizkuntzaren, kulturaren eta tradizioen arabera eraikitzen dira; beraz, garrantzitsua da tradizio horiek gordetzea. Euskal Herrian asko errespetatzen dira identitateak. Pozten naiz nire pelikula horrelako toki batean aurkeztu ahal izateaz» esan zuen.