
Ekainaren 28ko LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna dela eta bi adierazpen desberdin argitaratu dira Gasteizko Udaletik. Ofizialean, PSEk eta PPk Udal Gobernuaren izenean zabaldutakoan, ‘Q+’ kendu dute, Gobernu espainolak 2024ko abenduan erabaki zuen bezala. EH Bildu, Elkarrekin eta Gobernuan dagoen EAJk adierazpen bera argitaratu dute, baina sigla hori kontuan hartuta.
Eduki aldetik berdinak direnez, biek nabarmendu dute egun hau ez dela «ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogoraraztea» ere badelako.
«Funtsezkoa da injustiziaren aurrean ahotsa altxatzea eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasunarekiko begirunetsuagoa eraikitzea. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik, konpromiso indibidualetik hasi eta politika publikoekin batera, egin ahal izango dugu aldaketa erreal, sakon, iraunkor eta soziala», gaineratu dute.
Horrekin batera, gogorarazi dute kolektiboaren eskubideen aldeko borroka «herritar guztien erantzukizuna» dela eta, diotenez, «gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, elkarrekin eraikiz eta lan eginez, etorkizunean pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi gaitezen».
Elkarrekin taldearen salaketa
Elkarrekin udal taldeak sigla kentzeko Maider Etxebarriak hartutako erabakia deitoratu du ohar batean eta, beraien ustez «ezin da inor alde batera utzi». Azaldu duenez, erabaki honek zatiketa bat sortu du Gobernu taldearen baitan.
«Q+ siglak ezabatzea errealitateari muzin egitea da, pertsona horiek ikusezin bihurtzea eta erakunde bati guztiz desegokia zaion ariketa transfobo batean erortzea. Horrela gorrotoaren diskurtsoei hegoak ematen zaizkie eta indarkeria eta bazterketa egoerak sortzen laguntzen du», adierazi du Garbiñe Ruizek taldeko bozeramaileak.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro
