
Ohikoa den moduan, Chillida Leku Museoan urtero antolatzen den Udako Solstizioak eman die hasiera, ostiral honetan, Hernaniko San Joan jaiei. Larunbatean (ekainak 21) txosnen irekiera egingo dute arratsaldeko 19.00etan baina lehenago (16.30) Azeri Bila herri lasterketa jokatuko dute, aurten berreskuratu den ekitaldia. Emakumezkoen boxeoa ere ez da faltako larunbata arratsaldean.
Igandea (ekainak 22) egun lasaia izango da, hainbat kirol probekin (palankariak, xakea eta bola jokoa), eta jai giroa astelehen eguerdian lehertuko da, eguerdiko 12.00etan Udaletxean banderak jaso, txupinazoa bota eta txistulariek San Joan Martxa jotzen hasten diren momentuan.
Aurten, txupinazoa bi eragileren artean botako dute, Jai Batzordeak hala erabakita: Kantaitako emakumeek eta Kronika egunkariak, biek 25 urte beteko baitituzte. Izan ere, 2001ean 24 emakume elkartu ziren galzorian zegoen Kantaita berreskuratzeko eta gaur egun haietako lauk oraindik jarraitzen dute parte hartzen. Kronika egunkaria ere sanjoanetan jaio zen, lehenbiziko alea ekainaren 23an atera baitzen, Dobera Euskara Elkartearen gerizpean.
Astelehen arratsalde-iluntzean, San Joan bezperako ohiko ekitaldiak izango dira, hala nola San Joan erronda, Akelarrea, San Joan sua, herritarren aurreskua eta San Joan Kantaita, danborrada eta dantzaldia.

Egitaraua, esan bezala, ekainaren 27ra arte luzatuko da eta aurten musikak garrantzi berezia izango du, adin guztientzako eta estilo askotariko musika eta kontzertuak izango baitira: Zea Mays, Mirua, Skabidean, DJ Osto, Los Tenampas...
Horrekin batera, Udalak eta Jai Batzordeak ahalegin berezia egin dute jaiak herritar guztientzat irisgarriagoak izan daitezen. Horrela, sanjoanetako hasieran gune erreserbatua egongo da gurpildun aulkian dauden herritarrentzat; txosna gunean komun egokitu bat jarriko da eta sanjoanetako programa braillez ere zabalduko da. Spomia eta argiari sentsibilitate handia dioten haurrengan pentsatuz, hiru egunez, bi orduz ez da musikarik eta argirik izango barraketan.
Azkenik, aurten ere suziriak botatzen diren ekitaldiak birplanteatu eta bakoitzean botako den suziri-kopurua zehaztu da. Iaz bezala, ekitaldi horiek programan markatuko dira.
Informazio honen babesleak: Antenas Telemar, Asesoría Zulaika, Adarra Gozotegia, Adarra Lan Tresnak, Bikas Zangitu, Calzados Irigoyen, Dorronsoro Okindegia, Ezponda Aseguruak, Garin Herriko Taberna, Gorostegi Anaiak, Herkozer, Hernaniko Udala, LAB Hernani, Latxunbe Jatetxea, Onyi Elektrizitatea, Oa Gozotegia, Pana Okindegia, Pineda Harategia, Pinturas Landaribar, Rioja Taberna, Sulabe, Sulabe Irrigoiena, Talleres Mitxelena, Ttilin Ttolon, Uralde Iturgintza, Zintzarri Taberna, Zinkoenea Taberna.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

