NAIZ

Greba deitu du Bizkaiko autoeskolen sektoreak «patronalaren blokeoa» dela eta

Apavi patronalarekin «aurrera pausorik gabeko» zazpi negoziazio mahairen ostean, Bizkaiko autoeskoletako langileek grebara joatea erabaki dute. ELA eta CCOO sindikatuek uztailaren 8, 16 eta 21erako greba egunak deitu dituzte.

Bizkaiko autoeskoletako langileen 2022an egindako greba.
Bizkaiko autoeskoletako langileen 2022an egindako greba. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkaiko autoeskoletako langileek erabaki dute greba dinamika bati ekitea, zazpi negoziazio saioren ostean. ELA eta CCOO sindikatuek uztailaren 8, 16 eta 21erako greba deialdia egin dute «Apaviren jarreraren aurrean, patronalak ez baitu benetako edukirik eskaini langileen eskaerei erantzuteko».

Patronalak aurkeztutako proposamenak ez du KPIaren eguneratzea bermatzen eta ez du irakasleen lanaldi murrizketaren inguruko neurririk jasotzen, nahiz eta sektoreko aldarrikapen nagusienetarikoak izan, azaldu du ELAk. Administrarien kasuan, berriz, aurkeztu duen lanaldi murrizketaren proposamena «ez da nahikoa, eta ez du langileen egungo lan karga eta kontziliazio beharrei erantzuten».

Apaviren soldata proposamena KPIaren «azpitik dago», sindikatuaren arabera: «2025erako %2,5eko igoera aurreikusten du, eta horrek 2024ko itxierako KPIarekiko erosahalmenaren %1,1eko galera suposatuko luke. Gainera, ez da inolako pausorik eman lan karga arintzeko, ezta kontziliazioa eta berdintasuna hobetzeko ere».

Azkenean, langileek azpimarratu dute «grebara jotzea patronalaren borondate faltak ezarri duen beharrezko urratsa» dela eta «egoera bideratzeko proposamen errealik ezean, mobilizazio eta greba egunen bidez sektorearen duintasuna», soldata justuak eta lanaldi bidezkoak exijituko dituztela.