
Donostia Arraun Lagunak izan da garailea Euskotren Ligari hasiera eman dion VII. Bilboko Banderan. Donostiarrek larri-larri lortu dute garaipena erlojupekoan, 86 ehunenekora geratu baita Orio, bigarren sailkatua. Hirugarren postua Zumaia igo berriarentzat izan da.
Hain zuzen ere zumaiarrak izan dira lehen txandan denborarik onena markatu dutenak: 10:50:80. Hibaika, Astillero eta Hondarribia atzetik uztea lortu dute, eta ohorezko txandan gertatzen zenaren zain geratu dira.
Eta txanda nagusia emozioz betea izan da. Ziabogan Arraun Lagunakena zen denborarik onena, 5:21, baina ikusi da bere aurkari nagusia agian ez zela espero zen Tolosaldea izango, Orio gertuago zeukalako, hiru segundura baino ez.
Itzulerako luzean, oriotarrek sekulako lana egin dute eta irabazteko zorian ere egon dira, nahiz eta azkenean Arraun Lagunakek pronostikoak betetzea lortu duen: donostiarren denbora 10:42.48koa izan da, oriotarrena 10:43:34koa.
Azkenean, Zumaiak hirugarren postu bikaina eskuratu du, 36 ehunenekogatik Tolosaldeari aurrea hartzea lortu duelako. Hibaika izan da bosgarren, Astillero seigarren, Hondarribia zazpigarren eta Donostiarra zortzigarren.
«Pinganillotik atzetik gindoazela esaten ziguten eta dena eman behar izan dugu, horrelakoak izaten dira erlojupekoak. Baina konfiantza guztia nuen talde honengan eta banekien hau aurrera aterako genuela», ospatu du Xubane Uribarrena arraunlariak.
Izan den emozioari buruz hauxe gehitu du: «Uste dut Oriok aurtengo neguan egin duen lanari errespetu oso gutxi izan zaiola. Erakutsi digu lan oso ona egin beharko dugula irabazi nahi badugu».

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas

