
Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak kalera atera dira lan hitzarmena negoziatzeko mahaia bloketatuta dagoelako. LABek eta ELAk, bakoitzak bere aldetik, deitutako lanuzteekin eta mobilizazioekin jarraituko dute. Ostiral honetan, esaterako, elkarretaratzea egin dute Adegi patronalaren eta Matia egoitzaren aurrean.
LABek ohar batean azaldu duenez, patronala osatzen duten Matia, Adegi eta Lares enpresen «ezaxolako jarrera ikusita» mobilizazioaren eta borrokaren alde egin dute langileek. Diotenez, «entzungor egin diete» beharginen eskakizun eta proposamenei, hauen artean «ezinegona eta haserrea areagotuz».
«Arduraz» jokatzea exijitu die sindikatu abertzaleak patronala osatzen duten enpresei zein finantzazioa kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bere ustez, bi hauen asmoa eredu pribatizatzailea, langileak «prekaritatera kondenatzen» dituena, «betikotzea» da.
«Bada garaia bestelako zaintza eredu baten alde pausuak egiteko, eta, bide horretan, lehen urratsa litzateke soldatak langile publikoenekin ekiparatzea, partzialtasuna amaitzea eta ratioak hobetzea. Borondatea behar da horretarako», adierazi du LABek, hitzarmen «duin» eta zaintza sistema publiko komunitarioranzko ibilbidea egiten jarraituko duela gaineratuz.
ELAk, bestalde, «jarraipen zabala» nabarmendu du Miramar Jauregitik Kontxako hondartzaraino egin duen manifestazioan, sindikatuak deitutako greba egunean. Nabarmendu duenez, ELAk argi du hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik egon ezean «langileen lan-baldintzak defendatzeko» mobilizazioekin jarraituko dute.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
