
Iragan astean, espainiar Auzitegi Gorenak Lakuako Gobernuaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi zuen, Voxek jarritako helegitearen tesi gehienak bere eginez. Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu dituzte, euskararen normalizazioa helburu duten beste neurri batzuekin batera. Euskararen aurkako eraso honen aurrean, erantzun bateratua eman dute 200dik gora alkate, udal hautetsi eta euskalgintzako ordezkarik, Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian.
Idurre Eskisabel Larrañagak, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, irakurri du adierazpena. Oroitu dutenez, baliogabetutako dekretuak Gasteizko Legebiltzarrean kontsentsu zabalez onartu zen 2/2016 Udal Legea garatzen du. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du jendartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, «epai honek euskal erakundeen erabakimena eta euskal jendartearen borondatea ere jartzen ditu auzitan».
Alderdi eta sentsibilitate desberdinetako lagunak elkartu dira, sententzia euskal jendartearen eta euskal erakundeen «borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena» dela salatzeko. Azken hamarkadetako kontsentsua hausten duela eta autogobernua nabarmen kaltetzen duela ere gaitzetsi dute.
Han izan dira, besteren artean, Ataun, Derio, Bermeo, Sestao, Hernani, Leioa, Arrasate, Galdakao, Bilbo, Basauri, Azpeitia, Beasain, Laudio, Elgoibar, Pasaia eta Zarauzko alkateak, UEMA eta Eudelekin batera. Baita Oion, Zamudio, Zestoa, Berriz, Plentzia, Gorliz, Oiartzun, Lazkao, Bergara, Legazpi, Abadiño, Deba, Sondika, Ibarra, Ugao-Miraballes eta Legutiokoak ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Durangaldeko Amankomunazgoko ordezkariekin batera.
Ez dute huts egin Legorreta, Gatika, Asparrena, Sopela, Zaratamo, Morga, Anoeta, Gautegiz Arteaga, Getaria, Maruri-Jatabe, Zaldibar, Forua, Antzuola, Ispaster, Mendaro, Eibar, Irura, Amorebieta-Etxano, Zaldibia, Etxebarri, Aramaio eta Ondarroako ordezkariek ere.
30 sententzia inguru jada
«Egoera larria da. Euskara hizkuntza gutxitua da, mendeetako debeku eta jazarpen politiken ondorioz minorizatua. Euskalgintzak, Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearekin batera, adierazi genuen euskara larrialdi egoeran dagoela eta azken ikerketek ere agerian utzi dute geldialdi eta atzeraldi baten arriskua. Bestalde, euskal erakundeak eta eragile politikoak ahalegin berezia egiten ari dira azken hilabeteotan, euskarak ofizialki lekua izan dezan Europar erakundeetan», adierazi du Eskisabelek.
Esan duenez, hain zuzen, euskara minorizaziotik ateratzeko ekintza positiboak premiazkoen direnean biderkatu dira neurri hauen aurkako sententziak, euskararen normalizazioarekin bateragarriak ez direnak. Dela Lan Eskaintza Publikoak baliogabetuz, dela Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalez onarturiko legeen aurka eginez, dagoeneko 30 inguru dira euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatzen duten sententziak.
«Aurrera egiteko garaia da»
Horren guztiaren aitzinean, batasunetik erantzun beharra dagoela azpimarratu du. «Neurririk hartu ezean, oztopoak ugarituko dira euskaraz bizi nahi dugunontzat. Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direlako egiazko eskubide, ezin gara erasoei aurre egitera mugatu, aurrera egiteko garaia da».
«Segurtasun juridikoa indartu behar dugu eta beharrezko lege-aldaketarekin batera, euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu ahalik eta adostasun handiena eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko», egin du dei.
Euskalgintzak eta udal ordezkariek bat eginik, euskararen erabilerak dagokion lekua behar duela berretsi dute. Eta horretarako beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa hartu dute.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
