
Oliver Tippett eskalatzailearen izena aipatzen bada, soilik zirkulu oso itxietan ezaguna da. Bere burua definitzerako orduan, britainiarrak dio big walleko eskalatzailea dela. Eskalada arlo horretako berriak arakatu eta ohartuko gara, espezialista handia izateaz gain, Yosemiteko (AEB) Kapitain hormatzar mitikoarekin erabat harrapatuta dagoela. Sare horretan erortzeaz gain, Tippettek eskalada bikainak egin ditu. Batzuek, gainera, ekarpenaren bidean jarri diote. Ez da “etxeko” eskalatzailea (britainiarra da), baina argi utzi du bertakoen kolektiboan berezko lekua hartu duela.
Horren isla da joan den udaberriko denboraldian egin zituen jarduera ederrak. Horietakoren bat bakarkako estiloan egin zuen; beste batzuk, berriz, sokakideekin. Eta horiek guztiak eskalada artifizialarekin eta errekorrekin lotuta daude. Zalantzarik gabe, azpimarra berezia behar duena da Brandon Adams eta Lance Colley estatubatuarrekin “Reticent” ibilbidean (A4+, 850 m) sinatu zuena. Hirukoteak 21 luze dituen marra lehen aldiz 24 ordu baino gutxiagoan igo zuen. Hain zuzen ere, 22 orduko kronoa egin zuten.
Maiz aipatu izan dugu abiadura errekor horietan arrisku handiak hartzen direla; izan ere, abiadurak segurtasunari indarra kentzen dio. Bada, muturreko maila duen artifizialeko bide batean arrisku hori biderkatzen da. Espezialista askok dioten bezala, larrua arriskatzen dute.
Yosemiteko zein nazioarteko eskalatzaileentzat estatus mitikoa du “Reticent”-ek. 1995an bere lekua hartu zuen Kapitainen, eta garai haietan artifizialeko (A5 jarri zioten) biderik zailenetarikoa zen. Urte hauetan guztietan 50 igoera jaso ditu, eta denak astebeteko eskaladan. 2006an, berriz, Ammon McNeel , Ivo Nivov eta Dean Potter estatubatuarrek egundoko ezustekoa eman zuten bide hori 35 orduan sinatu ondoren. Hartutako arriskuengatik erokeria zirudien, baina marka handia sinatu zuten.
Tippettek eskalada horren inguruan asko irakurri zuen, eta, Kapitaineko eskalada artifizialarekin oso ohituta dagoenez, “Reticent” egun bateko jardunean igotzea otu zitzaion: «Irakurritako istorioek harrapatu zidaten, eta aurrekoen marka jaistea egingarri ikusten nuen. Lagun batzuei asmo hori komentatu nien, eta irribarre egin zuten. Nik argi nuen saiatuko nintzela, baina kide bat behar nuen sekzio batean laguntzeko. Brandoni proposatu nion. Ez dakit artifizialeko munduko espezialista handiena den, baina nik bere alde egiten dut. Hortaz gain, makina bat errekorren jabe da».
Arrakasta
Eskalatzaile britainiarrak adierazi du “Reticent”-eko eskalada prestatzeko “The Nose” bakarka eskalatu zuela: «Ez nuen katu-oinik erabili, eta 28 luzeetatik hamaika jarraian eskalatu nituen. Eraman nuen 100 metroko soka hainbat luze lotzeko oso lagungarria izan zen. Horri esker, eskalada nahiko segurua egin nuen. Hortaz gain, soilik hiru soka talderekin gurutzatu nintzen. Stovelegs sekziotik aurrera bakarrik egon nintzen».
Baina diogun bezala, helburu handiena “Reticent” zen. Lagunekin estrategia antolatu ondoren, martxan jarri ziren. Colleyk hartu zuen lehen eskalada blokearen ardura, Tippettek bidearen erdikoa eta Adamsek azken zazpi luzeak; marraren giltzak tarte horretan kokatzen dira.
Colleyk 5 ordu eta erdi behar izan zituen bloke hori igotzeko. Tippettek, berriz, zazpi. Erritmo oso ona zeramaten, baina hirugarren eta azken sekzioak galdera ikur asko sortu zizkieten. 60 metro dituen lehen giltza Adamsek ordubetean igo zuen; eskuarki, luze hori (gakoen erabilera nagusi da) 8 orduan gainditzen da: «Zaila da barneratzea Brandonek egin zuena. Une jakin horretan 24 ordutik jaistea posible ikusi nuen, baina kontuan hartu behar da amaiera horretan logistika oso zorrotza dela. Ondoren, Brandonek erorikoa izan zuen luze batean. Jarritako tresneria guztia atera zuen, eta bilgunetik pixka bat beherago zintzilikatuta geratu zen. Nik luze hori bukatu nuenean oka egin nuen. Brandonek zeraman abiadurarengatik eroriko gehiago izan zituen, eta horrek erritmoan eragina izan zuen. Alabaina, gailurrera iritsi eta kronoa 21 ordu eta 57 minutuan gelditu genuen».
Inolako zalantzarik gabe, eskalatzaileok “Reticent”-en egin duten lanak laudorioak baino ez ditu jaso: hogeita lau ordu baino gutxiagoan igotzen lehenak izan dira. Aurreratu dugun bezala, muturreko ibilbide mitiko batean egin dute.
Nahiz eta jarduera horrekin etxera pozarren itzultzeko “aitzakia” zuen, Tippettek Kapitanen eskalatzen eta ekarpen berriak egiten jarraitu zuen. Brandonekin eta Miles Fullmanekin batera, “Sea of Dreams” ibilbidean (A4, 750 m) beste errekor bat ezarri zuen: 21 ordu eta 33 minutu. Hortaz, egun bateko jardunean bide hori igotzen lehenak izan dira.
Eskalada horren inguruan britainiarrak esan du ezustekoa hartu zuela: «Uste nuen “Reticent” baino samurragoa izango zela, baina oker nengoen. Zailtasunean iraunkorra izateaz gain, egin behar den lana zaila da. Arroka ez da hain sendoa, eta horrek erritmoan eragina du. Eta, gainera, balizko erorikoak oso arriskutsuak dira. Aurreko eskaladan bezala, Brandonek egundoko erakustaldia eman zuen. Bere blokea, “Hook or Book” giltza tartean zela, 9 orduan sinatu nuen. Hurrengoaren ardura nik hartu nuen, eta etengabeko beldurrarekin 11 orduan sinatu nuen. Hirugarren eta azkena Milesena izan zen. Azken luzeak era askean igo zituen, eta horrek asko lagundu zuen lortutako kronoan».

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
