NAIZ

Aita Marik Valentziako Generalitateak portuko tasetatik salbuetsita dagoela onartzea lortu du

Itsas Salbamendu Humanitario Elkarteak (SMH), Aita Mari itsas erreskaterako ontziaren operadoreak, Valentziako Generalitateak portuko tasetatik salbuetsita dagoela aitortzea lortu du. Generalitateak partzialki onartu du errekurtsoa, eta SMH azkeneraino borrokatuko da bere eskubideen alde.

SMH azkeneraino borrokatuko da auzitegietan, Valentziako Generalitateak bere eskubideak errespetatu arte.
SMH azkeneraino borrokatuko da auzitegietan, Valentziako Generalitateak bere eskubideak errespetatu arte. (Asier ALDEA)

Itsas Salbamendu Humanitario Elkarteak (SMH) pozik jakinarazi du Valentziako Generalitateak portuko tasetatik salbuetsita dagoela onartu izana. Partzialki hartu du aintzat errekurtsoa eta, beraz, borrokan segitu beharko du SMHk, eskubideak aitortu arte. Monica Oltra abokatua arduratuko da auzia kudeatzeaz.

Aita Mari salbazioa da gudetatik, gosetik eta miseriatik ihesi, Mediterraneo itsasora abiatzen diren errefuxiatuentzat. Aurreko legealdian, ontzi humanitario honek babesleku bat aurkitu zuen Valentziako Generalitateko Burriana eta Vinaròs portuetan, misio eta misio artean atseden hartzeko eta mantentze-lanak egiteko.

Salatu duenez, Valentziako egungo gobernuak ez du bete garai hartan indarrean zegoen legeria eta SMH-Aita Mari 80.000 eurotik gorako tasak ordaintzera behartu zuen. Hasiera-hasieratik, SMH-Aita Marik, bere abokatu Monica Oltrarekin batera, tasa horiek «justifikaziorik gabekotzat» jo ditu; izan ere, legeriak ezartzen duenez, portuko tasetatik salbuetsita geratzen dira «Espainiako Gurutze Gorriaren materiala eta ontziak, eta irabazi-asmorik gabeko eta legez eratutako izaera humanitarioko gainontzeko erakundeak, funtzionatzeko premiagatik portuan kokatu beharko direnak, portuko administrazioari jakinarazi ondoren».

Joan den uztailaren 18an, Valentziako Gobernuak SMH-Aita Mari tasetatik salbuetsita zegoela onartu zuen. Gogoratu behar da aurreko Valentziako gobernuak, Botànic-ek, salbuespenak arautu zituela, eta egungo Generalitateak, VOXen diskurtso ultra bere eginez, ezabatu nahi izan zituela. Baina, erakunde humanitarioak nabarmendu duenez, agerian geratu da SMH-Aita Mariren aldarrikapenak bidezkoak direla eta bat datozela legez ezarritakoarekin. Hori dela eta, baieztatu duenez, SMH azkeneraino borrokatuko da bere eskubideengatik, zenbatekoaren itzulketa barne, funtsezkoa baita lan humanitarioekin jarraitu ahal izateko.