
30 edizioren ostean, eta 26 urtez Euskal Herriko bihotzean taupaka aritu ondoren, igande honetan Lakuntzan agur esan dio Hatortxu Rockek bere bideari. Agur esatearen poza, tristura eta nostalgia, denak nahastu dira Beriango magalean. Izan ere, 1999ko Berriozarren egindako ekimen txiki hori hiltzeko jaio zen, presoen aferari amaiera emateko, baina musika, borroka eta maitasunaren lekuko izan diren hamaika bizipenek erraldoi eta ezabaezin egin dute. Hala ere, norabide berri bati ateak zabaldu dizkio: «askatasunaren aldeko» bidean jaialdi berri baten sorrera dator, ‘Aske’ izendatu dutena.
Lakuntzaren gaineko atmosfera luzaroan itxarondako agur batekin argitu da igande honetan, zerbait ixtear zegoen kontzientzia kolektibo batekin. Duela lau egun ireki zituen ateak Hatortxu Rocken azken edizioa, eta, kontzertu, barre, malko eta hainbat garagardo tarteko, igande honetan ekitaldi erraldoi batekin egin du lehenengo agurra; azkena, arratsaldeko kontzertu eta taldeek emango dute.
Horietako bat, Broken Brothers Brass Band-ek Governorsek Hatortxu Rock 10erako prestatutako ‘Kristal Kolpatuak’ abestiaren bertsio batekin ekarri du jendea Beriain eremura, eta Governorsek berak hartu dio lekukoa eszenatokian. Bertan, gogoratu dute aurten 26 urte bete dituela Hatortxu Rockek.
Kausa baten bizkarrezur emozionala izan da jaialdia. Sakabanaketaren espetxe-politikari erantzuteko jaioa, kriminalizazioa sufritu gabe ezer antolatzea ezinezkoa zela zirudienean. Eta borondatezko lana, auzolana eta burugogorkeria oinarri hartuta, sinbolo bihurtu zen: 700 boluntario baino gehiago urtero; 6.000 baino gehiago honelako edizioetan, 30.000 guztira. Soinuaren, izerdi partekatuaren eta leihatilan erosten ez diren idealen inguruan antolatzen ikasi zuen herria islatzen du Hatortxuk.
26 urte luze, bai; hain zuzen ere, Eztizen Artola idazle eta haur motxiladun ohiak dituen urteak. Berak egin du lehen hitzartzea, lehen Hatortxu Rock egin zenean jaio baitzen bera. Dispertsioaren eraginez berak bizitako uneak eta jaialdiaren bidea txirikordatuz solasaldi hunkigarria egin du; «gure bizitzak bizigarriago bihurtu dituzue. Indartu egin gaituzue. Bihotzez, eskerrik asko», adierazi du.
Oholtzan irudikatutako pareta bota eta Harrera Elkarteko Aduna Mendizabalek hartu du hitza, 26 urte hauetan Hatortxuk emandako laguntza eskertu, eta garaiak aldatu badira ere, eta gatibu zein erbestean gero eta kide gutxiago dauden arren, preso eta iheslari ohien premiak gero eta gehiago direla gogoratu du: «Horregatik, bizitza duin baterako beharko duten laguntza eskaintzean jarri behar dugu, gure elkartasun keinurik goxoena bidelagun izanik, etxeratze prozesua xamurragoa gerta dakien».
Eta horretarako guztirako dagoela Harrera Elkartea esan du, itzulera duina prestatu, bideratu eta bermatzeko. «Ezinbestekoa dugu guztion inplikazioa, gizarte osoarena, intuizioena, eragileena, eta badakigu, lortuko dugula, denon artean, bakoitzak bere aletxoa jarriz, merezi duten bizi berri hori eraiki dezaten. Eta ez ditugu lehenengo kondenaz gain, biziarteko kondenara kondenatuko, ardura, denona da!».
Katamalok ‘Gurarika’ abestia kantatu ondoren, Gotzon Barandiaranek poesia bat errezitatu du funanbulistak gunea zeharkatzen zuelarik. Ikusgarritasuna eta irudimena ere beti izan dira Hatortxun zein bidean aurrera egiteko osagaiak.
Hiltzeko jaioa
Peto laranjadun txandalariak oholtza hartu dutenean hartu du hitza jaialdi honen sortzaile eta urte luzez lanean ibili den Endika Alonsok: «Duela zortzi urte hemen bertan ginen, hemen ez ginatekeela egon beharko esaten».
Fran Balda eta Imanol Azpiroz “Kaixer” izan ditu gogoan, baita Sara, Karmele eta dispertsioak eramandako lagun guztiak gogoratzeko tartea ere izan da ekitaldian, «hau zuengatik ere bada». 26 urteetako bidaia zoragarria izan dela nabarmendu du Alonsok, «Hatortxu gure bizitza izan da. Bizitza asko, hobe esanda. 26 urtetan 30.000 boluntario inguruk atera dute aurrera jaialdia».
Horrela, urteetan egindako lana goraipatu du Alonsok: «Zuen lana Puerto de Santa Mariara zihoan autobusean zegoen, Lannemezanerako bidea egiten duen furgonetan eta baita Zaballako ekonomatoan ere. Zuen lana espetxe atariko besarkadetan zegoen, baita bat-batean mozten diren telefono dei horietan ere».
Bereziki bi hitzek markatu dute Hatortxu: elkartasunak eta maitasunak. «Haiek izan dira motore eta helburu. Horrek mugitu gaitu, horrek mugitzen gaitu oraindik, gaur egun. Eta horrek ekarri gaitu Lakuntzara», adierazi du.
Hatortxu herritik eta herriarentzat eginiko ekitaldia da, hala izateko jaio zen eta horrela heldu da gaur egunera; «hiltzeko jaio zen. Inoiz ez da helburua izan, tresna baizik». «Hatortxugatik, hau posible egin duten guztiengatik eta oraindik ere hemen egon ezin direnengatik! Denak etxean izan arte!», esan eta Beriain lehertu da, lehertu emozioz eta ilusioz.
«Hatortxu badoa, baina ez genuke agur honen aukera pasatzen utzi nahi, hau posible egin duten guzti horiei gure eskerrik bero eta handiena helarazi gabe. Ezinbesteko esku eta buruak, istorio eder bat marrazteko. Agur beraz guztioi. Eta mila-mila esker!», nabarmendu du jaialdiaren antolakuntzak.
Besarkadak gero eta luzeagoak ziren publiko eta antolatzaileen artean; hitz gutxi, begiradek dena esaten zutelako, baina bai aldarri indartsua: ‘Euskal presoak, etxera’. Elkartasunaren oihartzun bihurtu zen jaialdiari, azken aldiz, arnasa ematera bildu dira igande honetan; jakinda amaiera honek hasiera berri bat ere bazekarrela.
Abenduak 27, Atarratabian Aske jaialdia
Alonsoren hitzartzearen ondoren, Maskak, Mirua, Monsieur leCrêpe, Txingili'K eta ZETAK-ek auzolanerako deia egiteko 'Bi t'erdi' abestia interpretatu dute oholtzaren gainean.
Ondoren, iritsi da sorpresa, publikoaren oihuen artean; hitzordu berri baten berri ere eman dute: abenduaren 27an Atarrabian ospatuko den Aske jaialdian: «Abenduaren 27an bide berri bati ekingo diogu. Musika jaialdi berri bati emango diogu hasiera».
Hatortxu Rockek bere bidea, bere funtzioa beteta bukatu duela adierazi dute, «kilometroak metro bihurtu dituen maitasunaren apologia eginda. Etxerako bidea posible egin du herri honek, auzolanean».
Iragarri berri duten jaialdiarekin, askatasunaren alde lanean jarraituko dutela azaldu dute: «Herri honen askatasuna eskuz esku, txandaz txanda saretu eta indartzen den herri honen indarrak egingo duelako posible. Aske izateko jaio garenak aske izan gaitezen».

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

