Asier Aiestaran
Kazetaria

Zierbenak bigarren txandatik lortu du garaipena Lekeition

Galipoek denbora bikaina markatu dute bigarren txandan, 20:05.38, eta Oriok ezin izan du hobetu ohorezko txandan: 1,68 segundora geratu da. Ez da baldintza aldaketa nabarmenik izan, baina oriotarren lehen kalea ez zen onena gaurkoan.

Zierbenak sekulako estropada egin du bigarren txandan.
Zierbenak sekulako estropada egin du bigarren txandan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zierbenak irabazi du bigarren txandatik Lekeition jokatu den El Correo-Kutxabank bandera. Galipoek ez zuten estropada ona egin larunbatean Hondarribian, eta horregatik bigarren txandan irten dira gaur. Estropada ederra egin dute, 20:05.38ko denbora markatuz, eta ohorezko txandako ontziek ezin izan dute marka hori hobetu.

Estropada kronologikoki kontatuz, lehen txandan Ondarroa izan da denborarik onena lortu duena. Lehen hiru txandetan Aresekin lehia estua izan du, baina azken luzean bikain etorri da poparean eta azkenean tarte handiak ireki ditu: 9 Aresi, 24 Kaikuri eta 48 Cabori.

Bigarren txandan, Zierbena izan da nagusi goitik behera. Lehen luzean Hondarribiak eta Getariak lortu dute galipoen erritmoari eustea, Ama Guadalupekoak hirugarren ziabogaraino horrenbestean eutsi dio, baina Zierbenaren azken luzea ikaragarria izan da eta lortutako denborak pentsarazten zuen banderaren lehian egon zitekeela: 20:05.38.

Ohorezko txandan, Oriok lehen kaletik egin behar izan du arraun, seguruenik gaurko kalerik txarrena, eta irteeran nabaritu egin da. Azken estropadetan lehen paladatik aurrea hartzen bazuen, gaur lehen luzean Urdaibai eta Donostiarraren atzetik ibili behar izan du.

Bigarren luzean, ordea, poparean ederki etorri da Orio eta bigarren ziabogarako estropadaren burua hartu bakarrik ez, tarteak irekitzea lortu du: 4 Donostiarrari eta 8 Urdaibairi.

Hortik aurrera txandan nagusi ibili da Orio, baina konparaketa Zierbenaren erreferentziarekin egin behar zen, eta hor gero eta argiago ikusi da Oriok oso azkar itzuli beharko zuela irabazi nahi bazuen.

Ez da gaizki etorri ontzi oriotarra, baina azkenean ez du lortu Zierbenaren denbora hobetzea eta garaipena bizkaitarrentzat izan da 1,68 segundoko aldearekin. Donostiarra hirugarren izan da eta Hondarribia laugarren.

Datorren asteburuan Galizak hartuko ditu bi estropada puntuagarriak, Boiron eta A Pobra do Caramiñalen.


XL LEKEITIOKO UDALA
    1.    Zierbena       20:05.38
    2.    Orio              20:07.06
    3.    Donostiarra   20:15.06
    4.    Hondarribia    20:23.22
    5.    Urdaibai         20:27.10
    6.    Getaria          20:37.86
    7.    Ondarroa       20:44.26
    8.    Lekittarra       20:52.08
    9.    Ares               20:54.30
    10.    San Juan      21:02.40
    11.    Kaiku           21:09.06
    12.    Cabo            21:33.12

NAGUSIA
    1.    Orio            116 puntu
    2.   Zierbena         97 p.
    3.   Donostiarra     95 p.
    4.   Hondarribia     86 p.
    5.   Urdaibai          84 p.
    6.    Getaria          67 p.
    7.    San Juan        54 p.
    8.    Lekittarra       49 p.
    9.    Ares               47 p.
    10.    Ondarroa      42 p.
    11.    Kaiku           25 p.
    12.    Cabo            18 p.