
Gasteiz jaiekin topera dabil egun hauetan. Bertako produktu tipikoak dastatzeko aukera paregabea dute gasteiztarrek zein turistek egun hauetan. Pilotari dagokionean aldiz, saltsa gutxi dagoela aipatu daiteke. Asteazken honetan, Andre Maria Zuriaren txapelketako bigarren finalerdian, Altuna III.a-Rezustak hasiera txar bati buelta eman eta aise gailendu zaizkie hilabete oso bat jokatu gabe zegoen Javier Zabala eta huts gehiegi pilatu dituen Jose Javier Zabaletari (22-8).
Gauzak hala, udak eskaintzen duen garaikurretako baten bila joango dira amezketarra eta bergararra ostiral gauean, beste finalerdia irabazi zuten Larrazabal eta Mariezkurrena II.aren aurka.
Gaurkoa ez da saltsa handiko neurketa izan. Zabala kantxetara itzuli da azken partida uztailaren 7an jokatu ostean. Normala izaten denez, errioxarrak asko sufritu du aurreko koadroetan, ezinean, eta gainera 9-5ekoan aldageletara joan behar izan du oinean anpoila bat atera zaiolako. Atzean, gainera, Jose Javier Zabaletak udaran erakusten ari den irregulartasuna erakutsi du beste behin, eta 9 galdutakorekin amaitu du lehia.
Hori bai, urdinak 0-2 eta 1-5 aurreratu dira. Baina hortxe amaitu da dena. Gorriek 9-0ko partzial bat egin dute, tartean Altuna III.ak tanto landu bat maisutasunez amaituta, ezker airez goxo txokoan.
Atzean, gainera, Rezustak oso ondo dominatu du Zabaleta, errebote inguruan zenbait pilotakada bidaliz. Hori bai, Zabalak partidan ikusi den tantorik ederrena sinatu du 10-7koan, ezker gantxo ikaragarri batekin. 12-8koa, Rezustaren huts batengatik, izan da urdinek egin duten azken tantoa. Hortik aurrera, Zabaletak bost huts pilatu ditu, garaipena gorriei emanez.
PARTIDAKO FITXA:
Altuna II.a-Rezusta: 22
Zabala-Zabaleta: 8
Pilotakadak: 493. Iraupena: 54:55 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-5, 10-5, 10-7, 12-7, 12-8 eta 22-8. Sakez egindako tantoak: Ez da sakez egindako tantorik egon. Jokoan egindako tantoak: 6 Altuna III.ak, 3 Rezustak, 4 Zabalak eta 1 Zabaletak. Galdutakoak: 1 Altuna III.ak, 2 Rezustak, 4 Zabalak eta 9 Zabaletak. Gertakariak: Gasteizko Ogeta pilotalekua. Andre Maria Zuriaren txapelketako bigarren finalerdia. Lehen sakea urdinentzat.
Larrazabal, geldiezin
Esan bezala, Altuna III.a-Rezustak Larrazabal-Mariezkurrena II.a izango dute aurkari ostiral gaueko 22.30ak inguru hasiko den norgehiagokan. Baiko enpresako bikoteak astearte arratsaldean lortu zuen finalerako txartela Artola ordezkatu zuen Urritikoetxea eta Albisuri 11-22 irabazita.
Bikotearen indarra, kasu honetan, Larrazabalek ipini zuen. Etxetik gertu aritu zen aurrelari amurrioarra eta ez zuen aukera pasatzen utzi bertan sekulako partida jokatzeko. Boleak, gantxoak, errebotera bidalitako eskuinkada bat... Arabarrak errepertorio guztia atera zuen eta 11 tantorekin –horietatik bi sakez– amaitu zuen lehia. Atzean, aldiz, Mariezkurrena II.ak hiru tanto egin eta bakarra galdu zuen.
Hasieratik ireki zuten aldea urdinez jantzitako pilotariek. 0-5eko partzial bati esker garaipena bideratu zuten. Ondoren, 0-4 eta 0-5ko beste bi partzial sinatu zituzten (14-3) eta orduan bai gorriei ezinean ikusi zitzaiela.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

