
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitza sozialen birgaitzean energia garbiak nola aplikatu aztertu du Euskal Herriko Unibertsitateak. ENEDI taldeak egin du azterlana eta identifikatu dute EAEko alokairu sozialeko zein eraikin diren egokienak energia fotovoltaikoa eta bero-ponpak konbinatzeko.
Bi teknologiak konbinatuz gizarte-alokairuko eraikinak energetikoki zelan birgaitu daitezkeen ikertu dute Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek. Horretarako, Lakuako Gobernuaren Zero Planean oinarritu dira eta Europar Batasunetik bultzatu nahi diren teknologiak aztertu dituzte. Oro har, Arabako eraikinetan aurkitu dute sistema ezartzeko potentzialtasunik handiena.
Energia-kontsumo osoaren % 40 eraikinei dagokie eta eraikuntzaren arloan Europan indarrean dagoen legediaren arabera, energia berriztagarrietan oinarritutako birgaitze-ekintzak egin behar dira energia- eta klima-helburuak lortzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu publikoko parkeak 7.600 etxebizitza baino gehiago dauzka eta alokatzaileen profila irregularra eta aldakorra da; hori dela eta, erronka handia da halako etxebizitza-moten energia-beharrak definitzea, etxebizitza pribatuaren erabilerarekin alderatuta oso profil desberdina baitute. Beraz, zaila izaten da eraikinak energetikoki birgaitzeko lanak definitzea eta aurrera eramatea. Gaur egun, birgaitzeko ordena antzinatasunaren eta ezaugarri arkitektonikoen arabera lehenesten da.
Horregatik, alor hori ikertzeko beharra ikusi zuen ENEDI taldeak, egokitasuna ere kontuan hartzea ahalbidetzeko. Hala, EAEko alokairu publikoko 128 eraikinetan teknologia fotovoltaikoaz eta bero-ponpaz osatutako sistema hibridoen potentziala aztertu dute, eta haiek birgaitzeko lehentasunak ezarri. Horrela, errazagoa izango da teknologia horiek jartzeko eraikin egokienak zein diren hautatzea.
Sistema hibridoak
Sistema hibrido hauetan, «teilatuko panel fotovoltaikoetan ekoitzitako elektrizitatea bero-ponpak elikatzeko erabiltzen dira. Bero-ponpek, aireko beroaz baliatuz, eta hozte-ziklo termodinamiko baten bidez, beroa transferitzen dute erradiadoreetara», azaldu du Mikel Garro ENEDIko ikertzaileak. Alokairu publikoko eraikinen eskari termikoa zentralizatzea eta bero-ponpatik eraikin osora banatzea da helburua. Garroren iritziz, bero-ponpa aerotermikoak oso aproposak dira horretarako.
Rankinga egiteko, kontuan hartu dituzte eguzki-energia eskuratzeko eraikinen estalki erabilgarria eta eraikin bakoitzeko berokuntza- eta elektrizitate-kontsumoak, zehaztasun handiz. Bestalde, bero-ponpak hautatzeko, eraikinaren egitura, behar termikoak eta kokapena izan dituzte kontuan.
Garro itxaropentsu ageri da emaitzekin: «Araban, oro har, eraikinak ez dira hain altuak. Teilatuetan, eguzki-energia eskuratzeko ahalmena handiagoa da, erradiazio-balio altuagoak daudelako eta, horrenbestez, produkzio fotovoltaikoa handiagoa da». Gainera, eraikinak baxuagoak izateak haien eskari termikoa ere baxuagoa izatea dakar eta horrek aproposago egiten ditu sistema hibridoa ezartzeko.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
