NAIZ

Guardetxearen desalojoaren epaiketa 2026ko urtarrilaren 27ra atzeratu dute

Maiatzarean hasieran Alde Zaharreko Gazte Asanbladak okupatu zuen eraikina ezin izango du hurrengo hilabeteetan Donostiako Udalak legez desalojatu, gazteek nabarmendu dutenez. Urriaren 7an egitekoa zen desalojo prozesu judizialaren epaiketa eguna, baina 2026ko urtarrilaren 27ra atzeratu da.

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak maiatzetik okupatuta du Guardetxea.
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak maiatzetik okupatuta du Guardetxea. (Gorka Rubio | FOKU)

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) asteazken honetan jakinarazi duenez, maiatzaren hastapenetan Guardetxearen okupazioarekin lotuta urriaren 7rako aurreikusita zegoen desalojo-prozesu judiziala 2026ko urtarrilaren 27ra atzeratu da.

Honek adierazi nahi du, datozen hilabeteetan, Donostiako Udalak ezin izango duela epai baten bidez Guardetxea hustera behartu, epailearen agindua jaso arte. Aurretik kautelazko desalojoari uko egin zion epaileak.

Egoera horren aurrean, AZGAk gaztetxea egonkortzeko eta bertan egitasmo ezberdinak garatzeko konpromisoa berretsi du, eta Donostiako elkarte zein eragileei bertan ekimenak antolatzera deitu die. «Herritar oro»ri ere bertan parte hartzeko gonbita egiten die, Guardetxearen erabilera komunitario eta autogestionatuaren alde.

AZGAk gogoratu du, maiatzaren 1eko okupazioaz gain, maiatzaren 29ko Donostiako Udalbatza eguneko protestetan hainbat gaztek salaketa eta epaiketari aurre egin beharko dietela. Udalak entzungor egin zien auzoko eragileen eskaerei, eta, ondorioz, tentsio uneak eta atxiloketa bat izan zen udaletxean bertan.

Azkenik «desalojo arriskuan dauden Euskal Herriko Gaztetxeak defendatzeko» deia ere luzatu nahi izan dute.