Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreak ditu protagonista ‘Karmele’ filmak. Elkarrekin lan egiten duten estreinako aldia da. Bikote baten larruan sartu dira: Karmele eta Txomin. Haiekin batera daude Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran, Karmeleren gurasoen paperean. Asier Altunaren zuzendaritzapean aritu dira.
Lanaren lehen irudiak ikus daitezke ostegun honetan atera duten teaser trailerrean. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko da filma, Proiekzio Berezi bezala. Zinemalditik pasatu eta gero, urriaren 10ean iritsiko da zinema aretoetara.
Asier Altuna zinemagileak idatzi eta zuzendu du fikziozko film luze hau, Kirmen Uribe idazlearen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ eleberrian oinarrituta. Eleberria, era berean, Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako bizitzetan inspiratuta dago. Zortzi hizkuntzatara itzulita dago eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Kritika Sari espainiarra (euskarazko narratibari) eta 111 Akademia Saria (urteko liburu onenari).
Zuzendariaren hitzetan ‘Karmele’ kulturak, musikak eta arteak zipriztindutako bidaia bat da. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldi biltzen dituzten historia familiarrak. Karmele gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar dien emakume bat da, ausarta eta konprometitua, bere ideiekiko kontsekuentea eta horiek beti irmo defendatzen dituena. ‘Karmele’-k askatasun ezaren aurrean pertseberantzia, borroka eta duintasuna zer diren erakusten digu».
«‘Karmele’-k bikote baten eta haren familiaren odisea zirraragarri eta iradokitzailea erakusten digu, kontinente batetik bestera jauzian, XX. mendearen lehen erdian. Gure iragan hurbileko istorio epiko bat da, baina, aldi berean, gaurkotasuna duten gai unibertsal eta atenporalak ukitzen ditu, hala nola maitasuna, familia, kultura eta askatasuna», gogoratu dute Txintxua ekoiztetxetik.
1937. Karmele eta haren familia frantziar Estatuan erbesteratu dira, gerraren ondorioz etxetik kanporatuak izan ondoren. Han, Karmelek erbesteko euskal enbaxada kulturalaren proposamena jasotzen du, dantza eta musika ikuskizunen bitartez gerraren kontra borrokatzeko. Bertan, Txomin ezagutzen du, tronpeta-jole profesional bat, eta harekin maitemintzen da. Denboraldi batean Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera bueltatzen da, kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin.
Euskal Herriko hainbat gunetan egin zuten grabaketa. Proiektuari lau urtetik gorako lana eskaini dio Asier Altunak, Marian Fernandez Pascal ekoizle eragile eta Txintxua Films ekoiztetxearen arduradunarekin batera. Zinemagileak bere ohiko lantaldea izan du ondoan, euskal zinemagintzako profesional aitortuek osatzen dutena: Ander Sistiaga produkzio zuzendaria; Javier Agirre argazki zuzendaria; eta Zaloa Ziluaga arte zuzendaria.
Musikak paper garrantzitsua jokatu du. Euskal musika, jazza, boleroak eta guarachak entzungo dira. Soinu banda pertsonaien bidelagun da eta istorioa aberasten du. Aitor Etxebarria da konpositorea.
Alazne Ameztoy arduratu da soinuaz. Nerea Torrijos da jantziteria zuzendaria. Lola Lopez eta Itziar Arrieta , Makillaje eta Ile-apainketa buruak. Laurent Dufreche muntatzailea. Felix Berges da VFX burua eta Jon Serrano berriz, efektu berezien arduraduna. Mari Rodrigo da casting zuzendaria eta Michel Gaztambide izan da gidoiaren aholkularia.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»
