NAIZ

UGT-k kontra egin arren, profil elebiduna Iruñeko Udalean

UGT-k horren kontra helegitea aurkeztu bazuen ere, Iruñeko Udalaren plantilla organikoan profil elebiduna izaten jarraituko du giza baliabideetako goi mailako teknikari postuak, Administrazioan Euskaraz taldeak jakitera eman duenez.

Iruñeko Udaletxea.
Iruñeko Udaletxea. (IRUÑEKO UDALA)

2024ko Iruñeko Udalaren plantilla organikoan, profil elebiduna zeukan giza baliabideetako goi mailako teknikariak. UGT-k errekurritu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, eta 2025eko maiatzaren 26an, ebazpena eman zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak: Ez du onartu UGT-k jarritako helegitea, Administrazioan Euskaraz taldeak jakitera eman duenez.

«UGT-k alegatu zuen profil hori ez dute justifikatzen ez Iruñeko hizkuntza-errealitateak, ez lanpostuaren funtzioek. Lau herritar euskaldunek UGTren helegite horren aurka parte hartu zuten, kalte egiten ziolakoan Administrazioari euskaraz zuzentzeko duten eskubideari», gogoratu du Administrazioan Euskarazek.

Hauek dira Auzitegiaren arrazoiak helegitea baztertzeko: Udalaren hautaketa-deialdien kudeaketan, askotan, teknikariak hautagaiei arreta pertsonala eman behar diela, eta udaleko lanpostuetan profil elebiduna soilik lanpostuen %4,34an ezarrita dagoela eta, beraz, ez dagoela desproportziorik.

«Pozik egotekoa da ebazpena, teknikari horrek euskarari dagokionez plantillaren diseinuan ziur aski parte hartuko duelako eta beharrak hobeto ikusiko dituelako. Lanpostu estrategiko batean profil elebidunak badu bere garrantzia», nabarmendu Administrazioan Euskarazek.

«UGTren jarrera euskarafobiko honen porrot hau txalotzen dugu», gaineratu du.