Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Umore absurdoa

Gaur ez dut filmen argumentuaren kalitateaz hitz egingo. Ezta teknika zinematografiko apurtzaile eta dotoreez edota pelikulak plazaratu nahi izan duen gai sakonaz ere. Baina argi eta garbi utziko dut: umore absurdoa maite dut eta genero honen defendatzaile sutsua naiz.

Umore absurdoa egoera ilogiko, esajeratu edo irrazionaletan oinarritzen den komedia mota bat da, non gertakizunek, elkarrizketek edo portaerek ez duten zentzurik edo azalpen arrazionalik.  Errealitatetik guztiz aldendua dagoen umore mota dela esan daiteke, baina, aldi berean, islatu nahi duenaren funtsean murgiltzen gaituena. Beste ezaugarri tipiko bat sekuentzien arteko konexiorik eza izaten da; adibidez, eraikin bat eszena baten amaieran suntsitua izatea eta hurrengoan berriz zutik azaltzea. Sortzaileen artean Marx anaiak, Mel Brooks, Monty Phyton ala Zucker anaiak izan litezke ziurrenik erreferente nagusiak alor honetan eta aktoreen artean, jakina, Leslie Nielsen. 

Izenburuak aipatzen hasita: ‘Top Secret’ (1984), ‘Amanece, que no es poco’ (1989), ‘Life of Brian’ (1979), ‘The Holy Grail’ (1975), ‘Duck Soup’ (1933), ‘Murder by Death’ (1976), ‘A Night at the Opera (1935’), ‘Young Frankenstein’(1974), ‘Spaceballs’(1987), ‘Airplane!’ (1980), ‘The Naked Gun’ (1988)... Nire kutunen zerrenda amaigabea da. 

Gaur  ‘The Naked Gun’ filmaren bertsio berria iritsiko da zinemetara eta espero dezagun generoak merezi duen beste ordezkari duin bat izatea. Denborak esango digu.