Andoni Arabaolaza

Lau euskal domina Fedme-ren eskaladako bi hitzordu nagusitan

Madrilen jokatutako Boulderreko Espainiako Txapelketan Udane Mugikak zilarra lortu zuen eta Markel Kortak brontzea. Abiadurako txapelketan, berriz, Haizea Pinto eta Emmak Hernandez zilar banarekin egin ziren. Erin McNeicek eta Alberto Ginesek Zailtasuneko Munduko Kopa irabazi dute.

Asier Antunez euskal ordezkari bakarra izan zen nagusien mailako boulderreko finalean.
Asier Antunez euskal ordezkari bakarra izan zen nagusien mailako boulderreko finalean. (David Cañas de Mazo)

Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) bi hitzordu nagusi izan zituen joan den asteburuan. Eskaladari dagokionez, Madrilen, Espainiako Txapelketak jokatu ziren bloke eta abiadura modalitateetan. Bi hitzordu horiek, gainera, Espainiako Koparentzat baliagarriak izan ziren.

Aipatu dugu Madril izan dela txapelketa horien geltokia. Eta gehitu behar dugu antolatzaileek leku berezi bat aukera zutela abiadurako zein boulderreko egiturak altxatzeko: Atletico de Madrileko futbol-zelaia. Bai, Metropolitano zelaiko kanpoaldeak 300 eskalatzaile inguru jaso zituen, baita makina ikusle ere. Batez ere, finaletan. Boulderrekora, adibidez, 2.000 ikusle bertaratu ziren.

300 lehiakide horiek lau kategoriatan banatuta zeuden: 15, 17 eta 19 urtez azpikoak eta nagusiak. Ohi den bezala, Nafarroako eta Euskal Autonomia Elkarteko mendizale federazioetako ordezkariak bertaratu ziren. Emaitzei dagokienez, lau domina lortu zituzten.

Lehenak lehiatzen abiadurako espezialistak izan ziren. Nagusien mailan, bi faboritoak gailendu ziren: Leslie Romero eta Erik Noya. Leire Ruiz de Argandoñak jardun ederra egin zuen, baina podiumetik kanpo geratu zen; laugarren postuan amaitu zuen. Unax Utergak ez zuen egun ona izan eta seigarren postuan sailkatu zen. Jubeniletan, berriz, bi euskal podium iritsi ziren. 17 urtez azpikoen mailan, Haizea Pintok zilarra erdietsi zuen. Emma Herrnandezek ere zilarra sinatu zuen baina 15 urtez azpiko kategorian.

Boulderreko txapelketak espezialista gehiago jaso zituen: 200 eskalatzaile. Horietatik 150 gazte kategorietako ordezkariak izan ziren. Ekipatzaile lanetan boskote batek jardun zuen: Nacho Sanchezek, Sergio Verdascok, Adrian Garciak, Sara Ricartek eta Eneko Carreterok. Gaur egun indarrean dauden estilo ezberdinetako blokeak prestatu zituzten. Oro har, lehiakideak gustura geratu ziren ekipatzaileen lanarekin.

Nagusien finalari dagokionez, Julia Benachek eta Hugo Martinek irabazi zuten. Aida Torres eta Lluc Macia bigarrenak izan ziren, eta Lucia Senpere eta Andres Vila hirugarrenak. Euskal ordezkariei dagokienez, bi final horietara bakarra sailkatu zen: Asier Antunez. Seigarren postuan amaitu zuen arabarrak.

19 urtez azpikoen mailan bi euskal finalista izan ziren: Elur Arteaga bosgarrena eta Maddi Agirre seigarrena. 17 urtez azpikoen kategorian, Udane Mugikak zilarra lortu zuen; Elene Otermin bosgarren postuan sailkatu zen. Eta, azkenik, 15 urtez azpikoan Markel Kortak brontzea eskuratu zuen.

Munduko Kopa

Madriletik Esloveniako Koper hirira egingo dugu salto; izan ere, aipatu dugun txapelketekin kointzidituz Zailtasuneko Munduko Kopako azken proba jokatu zen. Soka gerrira lotu zirenen artean, batez ere mutilen kategorian, presioa nagusitu zen. Azken puntuak jokatzeke zeuden, eta behin-behineko sailkapena oso estu zegoen.

Sorato Anrakuk irabazi zuen Esloveniako hitzordua, eta haren atzetik gertu Alberto Gines sailkatu zen. Bi espezialista handi horien artean argitu zen behin betiko sailkapena. Nahiz eta probarik ez duen irabazi, Gines espainiarra aurtengo Munduko Koparekin egin da. Oso-oso erregularra izan da. Sei hitzordutan lehiatu da: lehen hiruretan hirugarrena izan zen, eta azken hiruretan bigarren.

Anraku japoniarrak, aldiz, pare bat proba irabazi ditu, baina, ezustean ala ez, ez da batere erregularra izan. Gogoratu behar dugu lehiakide honek duela bi urteko zirkuituan errege izan zela. Ginesek urrea eraman du, Anrakuk zilarra eta Satone Yoshida japoniarrak brontzea.

Bestalde, emakumezkoen mailak bestelako aurpegia erakutsi du. Lehietan oso zailduak diren espezialista batzuek ez dute erregulartasunaren zirkuitua erabat jarraitu. Adibidez, Janja Garnbret-en kasua oso deigarria da. Munduko egungo lehiakide indartsuena da, baina oso hitzordu gutxitan ikusi dugu. Azken proba etxean zuenez, parte hartu zuen. Lehiatu eta, jakina, aise irabazi zuen. Proba gutxitan izan denez, sailkapen orokorrean seigarrena izan da. Esloveniako lehia horretan Chaehyun Seo bigarrena izan zen eta Laura Rogora hirugarrena.

Puntu guztiak batu eta gero, aurtengo Zailtasuneko Munduko Kopak Erin McNeice britainiarrak irabazi du; Eslovenian laugarren postua sinatu zuen. Seo korearra zirkuituko zilarrarekin egin da, eta Rogora italiarra brontzearekin.